Logotipo Victoria Eugenia Antzokia

  • Usted está en:
  • Inicio
  • Noticias
  • Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

Beldurrezko Asteko programazioaren aurrerapena

Prisoners of the Ghostland

14-09-2021

Jarraian urriaren 29a eta azaroaren 5a bitartean ospatuko den Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astean Sail Ofizialean lehiatuko diren zenbait film luzeren aurrerapena.

Apps (2021). Lucio A. Rojas, José Miguel Zúñiga, Sandra Arriagada, Camilo León, Samot Márquez. Txile-Argentina

Bost istorio, non app batek ateak zabalduko dizkien fantasiari eta beldurrari. Neska gazte bat online transmisio-sare bateko perbertitu talde baten eskuetan. Voyeurista bat bere auzokideek sekretu ilunak ezkutatzen dituztela konturatuko dena, eta inoiz entzun ez izana nahiko lukeena. Emakume bat ziten app misteriotsu batean. Lagun talde bat musika jaialdi baterako bidean okultista landatar talde baten eskuetan eroriko dena. Haur bat bere aitak erabilia online amodiozko zitak hitzartzeko, bere burua defendatzeko ahalmen handia duela jabetu berri.

Belle (Ryu to sobakasu no hime, 2021). Mamoru Hosoda. Japonia

Bizitza errealean, Suzu konplexua duen nerabe bat da eta mendialdeko herri txiki batean bizi da harrapatuta bere aitarekin batera. Mundu birtualean, ordea, Belle bihurtzen da Suzu: bost mila milioi jarraitzaile baino gehiago dituen ikono musikala. Suzu lotsatiarentzat zaila da daraman bizimodu bikoitza kudeatzea, baina ezusteko norabide bat hartuko du Bellek ezagutzen duenean Piztia: izaki liluragarri bezain beldurgarri bat. Mamoru Hosoda japoniarraren animazio film berria, besteak beste, Wolf Children (2012) eta Mirai (2018) filmen zuzendariarena.

Beyond the Infinite Two Minutes / Droste no hate de bokura (2021). Junta Yamaguchi. Japonia

Zuzendariaren eta ia talde osoaren debuta zineman, eta iPhone batekin filmatua. Kato kafetegi baten jabea da, gaineko apartamentu txiki batean bizi da eta bere bizitza gelditu egin dela pentsatzen hasten da. Egun batean, etxera igotzean, bere burua ikusten du ordenagailuko pantailan, kafetegian, bere buruari etorkizunetik hitz egiten, zehazki, bi minutu aurrerago. Kato eta bere lagunak bi minutuko loop batean harrapatuta geldituko dira One Cut of the Dead (2017) eta Tenet (2020) filmen arteko bidegurutze gisa norbaitek definitu duen film delirante honetan.

Caveat (2020). Damian Mc Carthy. Erresuma Batua

Damian Mc Carthy irlandarrak, ohikoa Astean, bertan proiektatu izan baitira bere hainbat film labur, haien artean He Dies at the End (2010), Never Ever Open It (2011) edo How Olin Lost His Eye (2013), bere aurreneko film luzea zuzendu du. Ospitaletik oroimen arazoekin irten berri, Isaacek lan eskaintza bat jasoko du bere etxejabearengandik; hark norbait behar du bizi den uharte bakartian bere iloba egun batzuk zaintzeko. Baldintza bakar bat dago: kate bat eraman beharko du lepotik zintzilik, etxeko gela jakin batzuetan sartzea eragotziko diona. Osabak alde egin duenean, katuaren eta saguaren jokoa hasten da neskaren eta bere zaintzailearen artean.

The Deep House (2021). Alexandre Bustillo & Julien Maury, Frantzia

Bikote estatubatuar gazte bat, urbex (hiri esplorazioa) zalea, Frantzian dago bidaian. Etxe bat bisitatzera eta grabatzera joatea erabakitzen dute. Etxe hori madarikatuta omen dago, eta orain laku artifizial batean hondoratua. Han direla, ur azpian harrapatuta geratzen dira iragan izugarri eta goibel bat ezkutatzen duen etxe handi batean. Bustillo eta Maury, beldur garaikidean klasiko bilakatutako zinemagileak –À l'intérieur (2007), Leatherface (2017), Kandisha (2020)– uretan murgilduko dira istorio berri hau kontatzeko.

The Medium (2021). Banjong Pisanthanakun. Thailandia-Hego Korea

Isan eskualdeko (Thailandia) xamanismoari buruzko istorio bat da hau. Talde bat hango xaman bati buruzko dokumental bat filmatzen ari da. Bizidunen eta espirituen munduen artean mugitzen den pertsona bat da bera. Bere iloba, bere ondorengo izan daitekeena, modu arraro batean portatzen hasten da, izaki etsai batek deabrutu izan balu bezala. Urteko filmik beldurgarrienetako bat (Koreako areto batzuetan argia piztuta proiektatu da), Shutterekin (2004) Thailandiako zinemari beldurrezko zinemaldietako ateak ireki zizkion Banjong Pisanthanakunek zuzendua eta The Wailing (2016) filmaren zuzendari Na Hong-jin korearrak koproduzitua.

Prisoners of the Ghostland (2021). Sion Sono. AEB

Basamortu postapokaliptiko batean Bernice arrastorik utzi gabe desagertzen denean, adopziozko bere aitonak, "Gobernadorea" izenez ezagun den gerrako jaunak, lapur bat atera du bankuetako lapur bat, larruz janztera behartzen du, bonbez hornituta, eta bost eguneko epea ematen dio Bernice aurkitzeko; izugarrizko ondorioak izango ditu bestela. Bere abenturan, bere bekatuetatik askatzen ere saiatuko da lapurra. Sion Sono –Love Exposure (2008), Tag (2015), Tokyo Vampire Hotel (2017)– eta Nicolas Cage zalantzazko etorkizun batean daude, eta dena gerta daiteke.

The Sadness (2021). Rob Jabbaz. Taiwan

Bikote gazte bat herrialdea erasotzen ari den pandemia baten mutazioak eragindako kaosaren erdian bizirauten saiatzen ari da. Infektatuek imajina daitekeen modurik krudelenean dihardute, eta indarkeriaz, hondamenez eta heriotzaz erein dituzte kaleak. Hilketak, torturak, bortxaketak, mutilazioak eta era guztietako izugarrikeriak egunero gertatzen dira hirian. Bukatu egin dira zibilizazioa eta ordena. Tristura besterik ez da geratzen.

The Seed (2021). Sam Walker. Erresuma Batua

Hiru gazte Mojaveko basamortuaren erdian dagoen ametsezko etxe batera doaz egun batzuk igarotzeko atseden eta lasaitasun bila. Haietako bat influencer bat da, gertatzen den guztia bere sare sozialetan jasotzen saiatzen dena, esaterako, gau batean ikusten dutenean meteorito bat erortzen. Edo ez zen meteorito bat? Sam Walker britainiarraren aurreneko film luzea, XXI. mendearen hasieratik bere film laburrekin Astean ohikoa, dagoeneko klasiko bihurtutako Duck Childrenen (2001) proiekziotik hasita.

Yellow Dragon's Village / Koryu no Mura (2021). Hugo Sakamoto. Japonia

Festa gau batean, hirian, lau gaztek hurrengo egunean camping egitera erabakitzen dute. Goizean, beste lau lagunekin topo egin eta horrela ekingo diote bidaiari; baina berehala gurpil bat zulatu zaie eta oinez jarraitu beharko dute. Bertako gizon jator batekin topo egiten dute, haiei laguntza eskaini eta bere herrira eramaten dituena; bertan, ordea, ez dira hain atseginak izango. Generoen koktel harrigarria, dibertigarria eta aurreiritzirik gabea; Hugo Sakamoto gaztearen debuta.

Historias para no dormir

Historias para no dormir Chicho Ibáñez Serradorren telesail espainiar enblematikoaren reboota da. Estreinatu zenetik berrogeita hamar urte igaro direnean, Rodrigo Cortések, Rodrigo Sorogoyenek, Paco Plazak eta Paula Ortizek zuzendu dituzte antologia berri honen lau atalak, jatorrizko telesailaren istorioen bertsio eguneratuak. Aste honetan Freddy (Paco Plaza) eta El asfalto (Paula Ortiz) proiektatuko dira.

Historias para no dormir – Freddy (2021). Paco Plaza. Espainia

André bere lana galtzeko zorian dagoen aktore penagarri bat da; bentrilokuo baten papera antzezten du berak. Chicho Ibáñez Serradorren aholkuz, panpina misteriotsu batekin hasten da lanean, eta bere segurtasun gabeziak uxatzen lagunduko dio hark. Bera iritsi berri denean gertaera makabroak gertatzen hasten dira, filmaketa itzulerarik gabeko puntu batera daramatenak. Paco Plazak –[REC] (2007), Verónica (2017), La abuela (2021)– zuzendu du TVEk 1982an emandako jatorrizko istorioaren berrinterpretazio hau.

Historias para no dormir – El asfalto (2021). Paula Ortiz. Espainia

Baldo amesgaizto batean sartzen da asfaltoan harrapatuta geratu denean. Eta laguntza eske egiten dituen deien erantzuna hauxe izango da: sinesgaiztasuna eta pasibotasuna. Harriduraren eta etsipenaren artean, Baldo zentimetroz zentimetro hondoratzen joango da, ezerk eta inork laguntzen ez diola ikusita. Atal homonimoaren (1966an emana) bertsio eguneratua, Paula Ortizek zuzendua –De tu ventana a la mía (2011), La novia (2015)–.

© Teatro Victoria Eugenia, República Argentina, nº2 20004 Donostia-San Sebastián - Telf. 943 481160 Fax. 943 481969 Enviar email

  • Logotipo Donostiako Udala