Logotipo Victoria Eugenia Antzokia

  • Usted está en:
  • Inicio
  • Noticias
  • Kepa Junkerak 2020ko Adarra Saria jasoko du irailaren 21ean

Kepa Junkerak 2020ko Adarra Saria jasoko du irailaren 21ean

20-09-2022

Kepa Junkera (Bilbo, 1965) musikariak 2020ko Adarra Saria jasoko du irailaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30ean, Donostiako alkate Eneko Goiaren eskutik. 70. Donostia Zinemaldiaren EITB Galaren baitan, musikari bilbotarrari buruz Fermin Aiok zuzendu duen Berpiztu dokumentalaren proiekzioaren aurretik izango da sari banaketa; artistaren osasun arrazoiak zirela medio, Donostia Kulturak ezin izan baitzion Junkerari 2020an eman urtero musikaren alorrean ematen duen Adarra Saria.

Juan González Andrés kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak osatutako sariaren Aholku Batzordeak honako argudioak aipatu zituen 2020an, besteak beste, sariaren berri ematerakoan:Kepa Junkerak bere disko-produkzio eskerga eta ezin baliotsuagoaren bidez Euskal Musikari egin dion ekarpen handia; haren zuzeneko emanaldi askotariko eta sarriak, estilo, jatorri eta musika eta kultur tradizio guztietako musikariekin; ibilbide osoan indarrean jardun izana; erakutsitako jakin-mina eta musika-adimena, zeinei esker era askotako inguruabar eta arte-giroetara egokitzen jakin baitu; nazioartean duen proiekzioa eta Euskal Musikaz egin duen zabalkundea; haren birtuosismoa; tradizioaren alderako atxikimendua eta begirunea, eta berrikuntzarako gaitasuna; haren ondarea eta errepertorioa; estilo bat sortu izana eta sortzaile berrientzat bide eta aukera berriak ireki izana.

Kepa Junkerak jasoko duen saria Marijose Recalde (Iruñea, 1964) artista nafarraren eskultura bat da (garaikur baten tamainakoa). Lana brontzezko irudi neutro bat da, adar bat duena, musikaren jatorria iradoki nahian, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio. Brontzezko lana da, zenbait koloretako patinan bilduta, osagaiak bereizteko eta musikaren dardara, indarra, alaitasuna eta kitzikapena nabarmentzeko.

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuten Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Amaia Zubiriak eta Joseba Tapiak jaso dute Adarra Saria.

 

© Teatro Victoria Eugenia, República Argentina, nº2 20004 Donostia-San Sebastián - Telf. 943 481160 Fax. 943 481969 Enviar email

  • Logotipo Donostiako Udala