Logotipo Victoria Eugenia Antzokia

  • Usted está en:
  • Inicio
  • Noticias
  • Hamaika Entzuteko! V. irrati-piezen lehiaketako sariak

Hamaika Entzuteko! V. irrati-piezen lehiaketako sariak

17-12-2019

Donostia Kultura Irratiak antolatutako Hamaika entzuteko! V. Irrati-piezen lehiaketako sariak gaur, abenduak 17, banatu dira Victoria Eugenian. Sari nagusia bi lanen artean banatu da; sariaren erdia, Jose Luis Padrón, Maider Gorostegi, Jon Obeso eta Joserra Senperenarentzat izango da, El hombre aparece en el holoceno piezagatik, eta, beste erdia, Paloma Arias, Nerea Cárdenas, Mikel Claver eta Iker Iturberentzat, Estigia lanagatik. Euskarazko pieza onenaren saria, berriz, Maite Bidarteren Google lanarentzat izan da.

Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan eginiko ekitaldian saritutako lanak zein diren jakin eta entzuteaz gain, zuzeneko irrati-antzerkiaz gozatzeko aukera ere izan da: Algernon Blackwood-en La casa del pasado, Inko Martinek moldatua eta zuzendua.

Deialdira aurkeztutako 43 piezen artean, epaimahaiak sari nagusia bi piezari ematea erabaki du, ex aequo. Irabazleetako bat El hombre aparece en el holoceno izan da. Hau esan du epaimahaiak pieza horri buruz: "Entzulea harrapatu egiten du. Maila tekniko bikaina du, eta estimulu mordo bat eskaintzen ditu, esperientzia sentsorial bat izateraino. Testuaren balio filosofikoa ere aipatzekoa da. Oso iradokitzailea da". Gidoia Jon Obesorena da, zuzendari artistikoa Jose Luis Padrón izan da, ahotsak Padrónek berak eta Maider Gorostegik jarri dituzte, eta musika Joserra Senperenarena da.

Beste irabazlea Estigia lana izan da. Epaimahaiaren esanean, "oso ondo girotuta dago, eta ezin hobeki lortzen du protagonistaren larritasuna transmititzea, baita zerraldo baten barruko atmosfera eraikitzea ere, soinu hutsez". Piezak zirrara sortzeko duen gaitasuna ere azpimarratu dute. Paloma Arias, Nerea Cárdenas, Mikel Claver eta Iker Iturbe dira egileak, laurak EHUko Ikus Entzunezko Komunikazioa eta Publizitatea graduko ikasleak.

Azkenik, euskarazko pieza onenaren saria Maite Bidarte kazetariarentzat izan da, Google izeneko lanagatik. Epaimahaiak piezaren naturaltasuna eta freskotasuna azpimarratu ditu, baita lokuzioa ere, eta "baliabide egokiak erabiliz, eta harian lotura politak eginez, audio-bidaia interesgarria planteatzen duela, Interneteko nabigaziotik abiatuta".

Pieza irabazleak entzungai dira irratiaren webgunean.

© Teatro Victoria Eugenia, República Argentina, nº2 20004 Donostia-San Sebastián - Telf. 943 481160 Fax. 943 481969 Enviar email

  • Logotipo Donostiako Udala