Logotipo Victoria Eugenia Antzokia

Uztailean martxa ona hartu nahian

Aitziber Garmendia aktorea

25-06-2020

Ekainean hainbat zerbitzu presentzial zabaldu ditugu eta hasi gara zuzeneko ekitaldiak ere programatzen. Hilabete hau probak egiteko erabilgarria izan zaigu eta orain uztailean gure asmoa da ahalik eta martxa onena hartzea.

Hiru antzezlan

Aitziber Garmendia Victoria Eugeniako taula gainean izango dugu Txanogorritxotik otso emera (sei mutil medio) uztailaren 8tik 12ra. Bost funtzio izango dira guztira.

Hurrengo astean, uztailaren 16tik 19ra, gaztelaniazko estreinaldia prestatu dugu: Magüi Mira-k zuzendutako Los mojigatos eszenaratuko dute Gabino Diego eta Cecilia Solaguren antzezleek Victoria Eugenian.

Hilabeteari Antzoki Zaharrean emango diogu amaiera: Pánico ikuskizuna ekarriko digu Coart+e & Felipe Andrés Producciones-ek. Uztailaren 30etik abuztuaren 2ra.

Sarrera guztiak gure ohiko kanaletan daude salgai: donostiakultura.eus/sarrerak sarean eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan (egunero, 11:30-13:30 / 17:00-20:00).

Erritu San Telmo Museoan

Kukai Dantza Taldeak taularatu eta Sharon Fridman koreografoak zuzendutako dantza-ikuskizuna San Telmo Museoan hiru egunez ikusteko aukera izango dugu uztailaren 9tik 12ra (11n ez da saiorik egongo). Kasu honetan, sarrerak museoko leihatilan soilik daude eskuragarri.

Donostiako Jazzaldia eta EGO

Donostiako Jazzaldiak egitarau berezia atondu du, aurreikusitako datetarako: uztailaren 22tik 26ra. Batik bat, Euskal Herriko zein Espainiako jazza izango da gure artean, baina baita Europako musikariak ere: Sílvia Pérez Cruz, Chano Domínguez, Marco Mezquida, Mariza, Oreka TX, Iñaki Salvador, Carles Benavent, Javier Colina, Michel Portal, Salvador Sobral, Lina_Raül Refree, Perico Sambeat, Bojan Z, Jorge Pardo...

Gainera, Euskal Herriko Gazte Orkestraren kontzertua izango dugu uztailaren 28an Victoria Eugenian. Sarrera salmenta ekainaren 26an hasiko da.

Txikijazz eta DK ON! Ipuinaren Ordua Online

Ipuinaren Orduaren saio birtualak hiriko 44 toki esanguratsutatik, Lur Korta eta bere taldearen eskutik. Familia osoari zuzendutako ipuinez gain, jokoak, pistak eta sariak izango dira, uztailaren 1etik aurrera. Saioak Donostia Kulturako webgunean eta youtube kanalean gozatu ahal izango dira, astelehenetik ostiralera, goizeko 10:00etatik aurrera. Saio guztiak euskaraz izango dira eta ostiraletan zeinu hizkuntzaz ere bai. Ekainaren 29an izango da albiste gehiago jarduera honi buruz.

Bestalde, familiei zuzendutako musika jaialdian (Txikijazz) The Binilo's eta Sara Mansillaren emanaldiez gozatu ahal izango da, besteak beste. Egitarau guztia webgunean plazaratuko da aurki. Uztailaren 23tik 26ra gure hirian.

San Telmoko erakusketak

Milaka eskuren isilpeko lana erakusketa uztailaren 12a arte ikusteko parada dugu eta lekukoa hartuko dio Postigo, garai baten kronika-k uztailaren 30ean. Fernando Postigo Silvak Donostiako erreportari grafikoak San Telmo Museoari emandako Argazki Funtsetik ateratako 300 argazkien aukeraketatik abiatuta egindako erakusketa da.

Abuztuaren amaiera arte jarraituko dugu beste birekin: Deabrua ote. Bruegeldarren mundua eta Atzera begirako poetika. Antton Elizegi argazki funtsa. Bruegeldarrena ikusteko bisita gidatu programatuak daude asteazken eta larunbatetan (uztailaren 25ean izan ezik).

Nosferatu Tabakaleran

Rainer Werner Fassbinder-i 2019-2020an eskainitako zikloan bi film proiektatuko dira Tabakaleran: zinemagile alemaniarraren Viaje a la felicidad de mamá Küsters (Mutter Küsters’ Fahrt zum Himmel, 1975) uztailaren 1ean eta Phil Jutzi-ren Mutter Krausen’s Fahrt ins Glück (1929) hilaren 8an.

Donostiako Liburu eta Disko Azoka

Datorren astean aurkeztuko du Euskadiko Liburu Ganberak uztailaren 3tik 12ra Gipuzkoa plazan egingo den azoka honen 45. edizioa. Hainbat ekitaldi egongo da Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan: prentsaurrekoak eta topaketak idazleekin.

Artisautza merkatua eta Arte azoka

Artisautza merkatua uztailaren 5, 12, 19, 25, 26 eta 31n egingo da San Juan kalean (Bretxa). Antolatzailea Gabiltza, Gipuzkoako Artisauen Biltzarra da.

Azkenik, hilean bitan (uztailaren 5ean eta 19an) paratuko ditu bere postuak Boulevardean Gipuzkoako Artisten Elkarteak antolatutako Arte Azokak.

© Teatro Victoria Eugenia, República Argentina, nº2 20004 Donostia-San Sebastián - Telf. 943 481160 Fax. 943 481969 Enviar email

  • Logotipo Donostiako Udala