Javi Ruibal Cuarteto + Xan Campos: Amorodios Jazzeñe
2026 uztailak 22 • 12:30
10 €
Javi Ruibal Cuarteto
Javi Ruibal (bateria eta perkusioa), Óscar Álvarez (pianoa), Alejandro Marcos (baxua), Diego Villegas (saxoa, flauta, harmonika)
Javi Ruibal bateria, perkusionista, konpositore eta ekoizleak, Jazzean, flamenkoan eta munduko musiketan diharduenak, bere azken proiektua aurkeztuko du laukotean, Jazz fusioaren arloan, flamenkoaren eta munduko musiken eraginekin.
Solo un mundo (2019) aurreneko lanaren ondoren, Luz (2022) aurkeztu zuen, bere bigarren albuma, zortzi emakumeren bizitzan inspiratutako proiektua, batzuk benetakoak eta beste batzuk imajinatuak. Diskoak Jazz izaera nabaria duen proposamen bat planteatzen du: oinarri instrumental baten gainean artikulatzen da, bateriak, baxuak, pianoak eta haize-instrumentuek osatua, eta beste tinbre batzuk gehitzen zaizkie, besteak beste, lautea, bibrafonoa, teklatuak, sintetizadoreak edo gitarrak.
Emaitza hauxe da, generoen eta tradizioen elkargunean kokatzen den proiektu bat, aberastasun erritmikoa eta aniztasun tinbrikoa diskurtso musikal dinamiko eta aldakor baten zerbitzura jartzen dituena.
Xan Campos: Amorodios
Faia Díaz (ahotsa, pandereta), Xan Campos (pianoa, sintetizadoreak), Felix Barth (baxua), Iago Fernández (bateria)
Amorodios (2026) lanean, Xan Campos pianistak Galiziako tradizioarekin, rockarekin, poparekin eta elektronikarekin konektatzen du Jazz modernoa, sustraiko musikari eta esperimentazioari lekua egiten dien lengoaia propioa garatuta. Jazz modernoaren esparruan hezia eta proiektu ugaritan lider eta laguntzaile gisa ibilbide irmoa egina, soinu espazio berrien bilaketa lan etengabeagatik nabarmendu da Campos.
Amorodios proiektu intimista da, bizitasun handiko une txundigarriez eta kontrastez betea. Funtsezko elementu gisa, sonoritate bereizgarria, zuzena eta sakonki organikoa darion Faia Díazen ahotsa gehitzen zaio, musika tradizionaletik eratorria eta Jazzaren lengoaiarekin zerikusirik ez duena.
Itxurazko halako sinpletasun baten azpian, musikak konplexutasun erritmiko, harmoniko eta melodiko handia ezkutatzen du, Galiziako musikan inspiratutako metriketatik abiatuta eta instrumentu tradizionalak nabarmentzen diren perkusio hedatuko atal batean oinarrituta eraikitakoa