donostiakultura.eus

1994

hasiberriak
eta ospetsuak

'Teatro Victoria Eugenia' bada disko baten izena ere; azalean, aretoa jendez beteta ageri da. 1994an zuzenean grabatutako CD bikoitz bat da; donostiar talde batek grabatu zuen, Victoria Eugenian emandako kontzertuetan haziz joan zen talde batek. Duncan Dhuk hamargarren urteurrena ospatu zuen, heldutasunez, emozioz eta agur-usainean.

Duncan Dhuren kantek durundi egiten dute espazio hartan, zeina ohiko agertoki bihurtu baita 80ko azken urteetatik bakarlarientzat eta pop eta rock-taldeentzat (zenbait ikusentzuleri, hala ere, kosta zitzaien zutitu gabe irautea, edan eta erre gabe). Leonard Cohen, John Cale, Ketama, Kiko Veneno, Loquillo, Joaquín Sabina eta Serrat aritu dira hemen; baita Carlos Cano eta Amancio Prada "errepikatzaileak" ere.

Victoria Eugeniak balio zuen gazte berriak aurkitzeko ere; esate baterako, Javi P3z, Musika Berriak jaialdian. Edo Zinemaldiak ezagutarazitako zinegile berriak. Errealizatzaile Berriei bereziki eskainitako sariaz gainera, Zinemaldia 24 urteko arabar bati Urrezko Maskorra ematen ausartu zen: Juanma Bajo Ulloari, 'Alas de mariposa' filmagatik.

1993an, Euskal Herriko artisten harrobi horren fruitu harrigarri batzuk agertu ziren. Ainhoa Arteta sopranoak arrakasta itzela izan zuen 'La Traviata' kantatuta Musika Hamabostaldian. Eta Maiatza Dantzan-en, Victor Ullateren konpainian, harri eta zur utzi zituen denak 18 urteko dantzari batek; Lucía Lacarra zeritzan...

Lehen malkoak

Aktore gazte hark, giza puska bat, denok harritu gintuen Zilarrezko Maskorra jasotzean negarrari eman zionean; bi filmetan egin zuen lan: Gonzalo Suarezen 'El detective y la muerte' eta Uriberen 'Días contados'en. Javier Bardem hunkitu egin zen behinola aitona Rafaelek eta ama Pilarrek zapaldutako agertoki hartan. Beste aktore gazte bat ere, hara bitxikeria, izan zen 1994ko edizio hartan Victoria Eugenian; gerora maitasunak (eta Oscarrak) elkartuko zituen biak. Penélope Cruz 'Todo es mentira' aurkeztera etorri zen.

'Kakatua' laburra

Euskal Antzerki Nazional bat sortzeko saio baten lekuko izan zen Victoria Eugenia. Gipuzkoako Aldundiak, Zentro haren ernamuin gisa, Arteszena bultzatu zuen; Maribel Belastegui (Orain) eta Fernando Bernués (Tanttakakoa, geroago 'El florido pensil' arrakastatsuaren zuzendaria) izan ziren arduradunak. Baina Arteszenaren ekinbideak ez zituen eman bi antzerki-muntaketa, 'Kakatua Berdea' eta 'Mephisto', eta dantzako bat baizik. Urte batzuk lehenago ere izan zen antzerki publikoa egiteko saio bat, Eusko Jaurlaritzak ekoitzitako 'Pipin' musikalarekin.