donostiakultura.eus

1940

hamabostaldi
mundiala

Lehen Mundu Gerrak bide eman zuen Europako zenbait artista handi, Diaghilev-en ballet errusiarrak edo arthur Rubinstein adibidez, Donostian ari zitezen; bigarren Mundu Gerran ere, erruz etorri ziren Italia eta Alemaniako musikari nabarmenak; izan ere, Espainiak, ofizialki "gerran ez zegoen" arren, abegikotasun-harremanak zituen herrialde horiekin. Victoria Eugeniaren programazioa alemandu eta italiartu egin zen; joera hori Musika Hamabostaldian iritsi zen gorenera.

V. Musika Hamabostaldiko abonu-sarrera.

1939an Gran Kursaal-en lehen "musika hilabetea" izan ondoren, 1940an Victoria Eugenian hasi zen, Donostiako Musika Hamabostaldia izenaz, gerora inguru hauetan musika klasikoko jaialdirik garrantzitsuena bihurtuko zena eta urte gehien hartuko zituena. Berlingo Filarmonikoa esklusiban etorri zen 1943an, eta italiatik etorritako konpainiek, italiako gobernuaren diru-laguntzei esker, opera handiak muntatu zituzten, batzuetan Donostiako Kontserbatorioko Orkestra lagun zutela, 1941ean sortu baitzuen Ramon Usandizagak. Garai distiratsuak ziren haiek, eta melomanoek Lauri Volpi, Beniamino Gigli eta Mafalda Favero, Giuseppe di Stefano, Mario del Monaco txalotu zituzten.

Victoria Eugeniako kudeatzaileek zuzenduta (lehenik, Francisco Ferrer Damboreneak; ondoren, haren seme Francisco Ferrer Monrealek), Musika Hamabostaldiak gala-gau ederrak bizi izan zituen. Donostiarrek opera handiak ezagutu zituzten (baita "paradisu"ko jarleku apaletatik ere, horrek ez zion axola), eta gerora ohiko bihurtuko ziren artistak, hala nola Victoria de los Ángeles sopranoa, Ataúlfo Argenta zuzendaria edota harpajole donostiar bat, mundu guztian ospetsua, zeina 1952an etxera itzuli baitzen: Nicanor Zabaleta.

Berlingo Orkestra Filarmonikoa etorri

1943ko musika Hamabostaldia handikiro hasi zen, Berlingo Orkestra Filarmonikoak parte hartuz, Hans Knappertsbuch-en zuzendaritzapean. orkestra itzaltsu hura beste lau aldiz izan zen Victoria eugenian, Cultura Musical-ek ekarrita. azkena 1944ko ekainaren 6an izan zen, 'D' egunean. armada aliatua Normandian lehorreratzen zen bitartean "nazien desegigoaren hasiera izango zen operazioan", musikari alemanak Donostian ari ziren, Wagner-en 'Preludioa eta Isoldaren heriotza' jotzen.

Musika klasikoko abonatuak

Asociación de Cultura Musical 1941eko irailean sortu zen, udako denboralditik kanpora musika klasikoko kontzertuak sustatu nahi zituen elkarte pribatu gisa. Alicia de Larrocha eta Joaquín Achúcarro pianojoleek, Narciso Yepes eta Andrés Segovia gitarrajoleek, hain maila handiko artistek Victoria Eugenian lehen aldiz jardun zutenean, Cultura Musical-eko abonatuentzako kontzertuetan jardun zuten.