

Bobo Stenson piano-jotzaileak ia bi hamarkada daramatza Anders Jormin kontrabaxuarekin eta Jon Fält perkusionistarekin hirukotea osatzen. Lau disko grabatu dituzte elkarrekin, tartean Sphere.
“Ez dugu jotzeko modu prefabrikaturik”, nabarmentzen du Bobok. “Guztia unean bertan gauzatzen joaten da, eta, gu, horretara egokitzen joaten gara. Hori da gure muina. Elkarrekin jotzearen alaitasuna, gauza bera bi aldiz inoiz ez egitearen hautua, gauzak horrela egiteko erabakitasun osoa dira funtsa”. Bada, alaitasun horretatik, konfiantza horretatik, uneari, bat-batekotasunari ateak irekitzetik jaio da Sphere, bereziki hunkigarria den edabe magikoa. Bertan, pianoa, kontrabaxua eta bateria lagun, hirukotea osatzen duten hiru musikariek atmosfera zirraragarria, gogoetatsua, sortzen dute, elkarren arteko interakzio ezti baten bitartez, enfasi gozo baina bizien eskutik. Hirukotearen ikurra inprobisazioa bada ere, argi geratzen da azpian esperientzia eta jakintza ikaragarriak pilatzen direla.
Bobo Stenson (pianoa), Anders Jormin (kontrabaxua), Jon Fält (bateria)