Musika

Rachel EckrothThe Garden feat. Anna Butterss and John Hadfield

2023 maiatzak 25 • 19:30

15 €

Victoria Eugenia Club aretoa

Rachel Eckroth (pianoa, ahotsa), Anna Butterss (baxua), John Hadfield (bateria)

Nola deitu piano-jotzailea, kantaria, teklista, konpositorea, ekoizlea, moldatzailea, bandako burua edo laguntzailea den norbaiti? Kontzeptu hori ez dago hitz bakarrean ematerik, baina izen-deiturak ditu: Rachel Eckroth.

Eckrothek ausart jardun dezake bere taldeen gidari, edota lagun egin dezake beste musikari batek distira egin dezan, horretarako duen abileziari esker. Jazz esperimentalaren eta pop sentimenduaren konbinazioa, horra hor hark lider edo liderkide gisa 20 albumetan egindako lanaren atzean dagoen motorra; azkena, Grammyetarako izendatu duten The Garden (Rainy Days Records, 2021). Orotarako talentu horrexegatik hartu izan du parte kantari eta teklista gisa Rufus Wainwright, St. Vincent, KT Tunstall eta Chris Bottiren bandetan.

2020an, Eckroth David Bowieren azken bandako saxofoi-jotzaile izandako Donny Mccaslin txalotuaren Circling singlean agertu zen. Urte horretan, hiru single atera zituen. 2021ean, bere senar Tim Lefebvre baxu-jotzailearekin batera, duetoz osatutako albuma atera zuen, Blackbird Sessions vol. 1. Moot Points singlea ere plazaratu zuen, Alassane-rekin, bai eta izen bereko EP bat ere, bere lau kantaz osatua.

Azken proiektuak, The Gardenek, Eckroth-ek bakarka edo taldean idatzitako zortzi pieza ditu. Haren musika ekosistema askotarikoa delako, lorategi bat bezalakoa, musikan izan dituen abentura ugarien hazietatik sortua: horrexegatik jarri zion izen hori albumari.