Urriaren 25ean, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokian proiektatuko da Los Xey. Una historia de película talde donostiar mitikoaren bizitza eta obra errepasatzen dituen dokumentala.

2022.09.27

Filma urriak 22an estreinatuko da Valladolideko SEMINCIan, eta Donostiako proiekzioa eta gero bere karrera komertziala hasiko da.

Eneko Olasagastik eta David Berraondok idatzi eta zuzendu dute filma, eta Sincro-k (Donostia), Huapanguero Volador Films-ek (Mexiko) eta 80 Mundos-ek (Argentina) ekoiztu dute. Xabin Olaskoagak eta Xipri Larrañagak idatzitako Memorias de Los Xeytik eta Pepito Yanci soinujolearen oroitzapenen kutxan (Lesakako familia etxean gordea) eta Txomin Arrasateren familiaren Mexikoko maletan aurkitutako informazio ugaritik abiatuta bidaiatuko gara haien unibertsoan barrena.

Ez da erraza talde donostiarrak, 1940an sortu zenetik 1961ean desegin zen arte, musikaren arloan eta bizitzan egin zuten ibilbidea gaur egungo ikuspegitik aztertzea. Los Xey munduko musika talderik ospetsuenetako bat izan zen. Espainian, Argentinan eta Estatu Batuetan, Uruguai, Txile, Peru, Mexiko, Puerto Rico eta Kubatik igaroz, aztarna ezabaezina utzi zuten hainbat belaunalditan.

Irratian zuzeneko showak eskaintzen ziren garai batean, eta telebista oraindik agertu ez zenean, antzoki, kabaret eta irrati guztiek eskatu ohi zituzten taldearen emanaldiak. Hala, izar bihurtu ziren, Amerikako kontinenteko ahots distiratsuenekin zuzenean lehian; bederatzi urtez biran egon ziren; Mexikoko telebista inauguratu zuten, eta arrakasta lortu zuten Broadwayn, film eta grabazio ugaritan parte hartzeaz gain.

Dokumental hau haien oroitzapena XXI. mendean berreskuratzeko saio bat da, beren senide, musikan aditu eta egungo homologo Golden Apple Quartet-eko kideen eskutik. Izan ere, haiei eskainitako omenaldi bat da hauen oraingo ikuskizuna.

Sarrerak (6 €) salgai daude dagoeneko Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kulturaren webgunean.