Pantxoa eta Peiok jasoko dute 2026ko Adarra Saria
Pantxoa eta Peio bikote lapurtar aitzindariak eskuratuko du 2026ko Adarra Saria, Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren eskutik. Ekainaren 21ean, 19:00etan, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du saria eta segidan kontzertua eskainiko du. Kontzerturako sarrerak, asteazkenean, apirilak 22, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean Donostia Kulturako bazkideentzat eta ostegunean apirilak 23, osteguna, 11:30ean publiko orokorrarentzat.
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako Epaimahaiak 2026ko Adarra Saria Pantxoa eta Peiori ematea erabaki du.
Pantxoa eta Peiok ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko dute Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Jon Insausti alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du Iñaki Dieguez (eskusoinua), Mixel Ducau (gitarra), Dánae Riaño (baxua), Gorka Pastor (teklatuak) eta Josu Erbiti (perkusioa) musikariez lagunduta.
Kontzerturako sarrerak asteazkenean, apirilak 22, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean Donostia Kulturako bazkideentzat eta ostegunean apirilak 23, osteguna, 11:30ean publiko orokorrarentzat, 25 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean.
Epaimahaiaren argudioak
Odile Kruzeta kazetariak, Edurne Otamendi Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuaren buruak eta Gorka Iribar Lugaritz Kultur Etxeko zuzendariak osatutako epaimahaiaren arabera, Pantxoa eta Peiok 60ko hamarkadatik gaur egun arte ‘kantuaren plazerra’ hainbat belaunaldirekin partekatu du, interpretazio zainduak, melodia kantagarriak eta konpromiso soziala elkarrekin uztartuta, estilo propioa duen errepertorio zabal eta interesgarria osatzeaz gain. Euskal gizartearen min eta nahien ahots bilakatuta, erresistentziazko himno bihurtu ziren protesta-kantak plazaratu ditu; Euskal Herriaren nortasuna, sentimendua eta memoria kolektiboa espresatzen duten Iparraldeko kantu tradizionalak berreskuratu eta haien transmisioan lan eskerga egin du. Era berean, Ipar Euskal Herriko poeta, idazle eta musikarien lanak interpretatuz, Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko zubi-lana egin dute Pantxoa eta Peiok, eta garai zail eta erabakigarrietan euskal musikarentzat funtsezkoa izan den oinarrizko azpiegitura emankor bat abian jarri.
13 urteko ibilbidea
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays, Errobi eta Antton Valverdek jaso dute Adarra Saria.