Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteak, urriaren 25etik azaroaren 1era garatuko den 35. edizio honetan, Animedon – Donostiako Anime Topaketa izeneko sail berri bat inauguratuko du.

2024.09.18
Diseinua: Angel Aldarondo

Historikoki, animazio japoniarraren zaleentzako babeslekua izan da Astea, eta askotan zinema mota horren ezaugarri adierazgarrienak eta erakargarrienak programatu izan ditu.

Hala ere, urte honetatik aurrera harago joan nahi du zinemaldiak. Programazioak, filmez gain, jarduera paraleloak ere izango ditu, tartean animearen munduarekin ikuspegi poliedriko batetik lotutako erakusketak, hitzaldiak eta tailerrak.

Streaming plataformen goraldiarekin batera izugarri handitu da animearen kontsumoa mendebaldean. Ikerketa batzuen arabera, 90eko hamarkadaren hasiera eta milurteko berriaren hasiera bitartean jaiotako Z belaunaldiaren % 42ek astero kontsumitzen dute animea. Zinema-aretoetan publikoa berritzea beti dela beharrezkoa jabetuta, Animedonek gazteei egiten die gonbidapena estreinaldiko azken filmekin pantaila handian goza dezaten. Animedonen programatutako film luzeak ez dira nahitaez fantasia eta beldurrezko generokoak izango, Astean gertatzen den bezala, baizik eta eskaintza tematiko zabalagoa izango dute.

Animedonen lehen edizioak Tabakaleraren, FNACen, EITBren eta Japan Foundationen laguntza berezia izango du.

“Dragoi Bola”, omenaldiak eta erakusketak

Euskal populazioak beti izan du lotura berezia animearekin, urte askotan telebista publikoak mota honetako edukiak euskaraz eskaini izan zituelako. Adierazgarriena Dragoi Bola telesaila izan zen, Akira Toriyamaren mangaren moldaketa. Aurtengo martxoan zendu zen, 68 urte zituela, oraindik murgilduta zebilenean hainbeste pertsonarengan itzal handia izan duen sail honekin lotutako proiektuetan. Horregatik, Animedonen lehen edizioak bere irudia eta obra gogoratu nahi ditu, Antzoki Zaharreko fatxadatik bertatik. Aurten, Innovart estudioko Mikel Herreroren zuzendaritza artistikoa izango du, eta fikzio horretako irudiekin dekoratuko du fatxada.

Ekitaldi nagusia urriaren 20an, igandea, izango da, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Son Gokuk euskaraz hitz egin zuenekoa izenburuarekin omenaldia egingo zaie Dragoi Bolaren euskarazko bikoizleei.

Bestetik, Toriyamari egiten zaion omenaldia bi erakusketek osatuko dute. Dragoi Bola-tik infinitura. Akira Toriyamari omenaldia, Jorge Madejónek komisariatua, Udal Liburutegiko jarduera aretoan (San Jeronimo) ikusi ahal izango da. Bertan, 26 ilustratzaileren lana erakutsiko da, mangakaren obra berrinterpretatu dutenena.

Azkenik, Euskadi Fantastikoaren barruan, Liburutegi Nagusiak (Alderdi Eder) Nacho Fernández bilbotarrari eskainitako atzera begirakoa hartuko du. Dragon Fallen egilea da bera, Toriyamaren sailaren parodia, egun liburu integraletan berrargitaratzen ari dena.

Animedonen irudi grafikoa, baita Tokiko bere maskota ere, Angel Aldarondo zuzendari, editore, animazio-egile eta gidoilari ondarroarrak diseinatu eta sortu ditu.