Jarraian urriaren 31a eta azaroaren 7a bitartean ospatuko den Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astean zenbait film luzeren aurrerapena. Programazio osoa urriaren erdialdean jakinaraziko da.

2025.09.16
Dracula © 2025 LBP – EuropaCorp – TF1 Films Production – SND
Dracula © 2025 LBP – EuropaCorp – TF1 Films Production – SND
  • The Creeps (2025). Marko Mäkilaakso. Finlandia

Finlandiako eski-estazio batean, dimentsioen arteko atari misteriotsu batek odol egarriz dauden izaki bihurrien tropel bat askatzen du. Gertaera horrek zapuztu egiten ditu Zachek —80ko hamarkadako zinemarekin obsesionatutako truke-ikasle estatubatuarrak— eta bere lagunek amestutako oporraldiak eta, izan ere, beldurgarri bihurtzen ditu. Sexuz, drogaz eta rock-and-rollez blaitutako festa epikoa izan behar zuena —tartean Christopher Lambert izarra dago— erabateko kaosa bilakatuko da Creepak deskontrolatu ahala.

  • The Curse (2025). Kenichi Ugana. Japonia-Taiwan

Rikok, modako saloi bateko harreragileak, bizimodu lasaia darama hirian. Egun batean, aldaketa kezkagarriak nabaritzen ditu Shufen bere lagun taiwandarraren sare sozialetako argitalpenetan, bideo kriptikoak igotzen hasi baita. Ia aldi berean, gorpu desitxuratu bat agertzen da Taiwango kostaldean. Riko Shufenekin harremanetan jartzen saiatzen da, baina alferrik. Hortaz, Jiahao bere mutil-lagun ohiarekin elkartzen da ikertzeko, eta Shufen duela sei hilabete hil zela jakingo du horrela. Hala ere, bere sare sozialek mezu asaldagarriak argitaratzen jarraitzen dute.

  • Deathstalker (2025). Steve Kostanski. Kanada-AEB

Roger Cormanek 1983an ekoiztutako ezpata eta sorginkeriako klasikoaren remakea. Abraxeongo erresuma Nekromemnon sorginaren heraldo diren Dreaditek setiatu dute. Deathstalker abenturazaleak amuleto madarikatu bat aurkitzen duenean, magia ilunaren menpe geratu eta hiltzaile izugarriek jazartzen dute. Bizirik irteteko bi aukera ditu, madarikazioa hautsi edo saialdian hil.

  • Decorado (2025). Alberto Vázquez. Espainia-Portugal

Arnold adin ertaineko sagu bat da, krisi existentzial batean murgildua. Ezkonduta dago eta gainbehera doa emaztearekin duen harremana. Zentzugabea iruditzen zaio bere bizitza eta bere inguruko guztia fartsa handi bat dela susmatzen hasten da. Bere lagunik onena egoera susmagarrietan hiltzen denean, Arnoldi buruan sartzen zaio zerbait ez datorrela bat. Eguneroko paranoia gisa hasten dena ihesaldi etsi bihurtzen da, apur bat bada ere askatasun tankera hartzen dion zerbaitera. Unicorn Warsen zuzendariaren film berria (2022).

  • Dog of God / Dieva Suns (2025). Raitis Ābele & Lauris Ābele. Letonia-AEB

Livonia, 1692. Udazkeneko euri-urak hartutako herrixka txiki batean erlikia sakratu bat lapurtu dute. Apaizak Neze tabernari misteriotsua salatu du. Hala ere, salaketak eten egiten dira 82 urteko arlote bat iristen denean. Honek Jainkoaren Txakurtzat du bere burua, eta erlikia non den badakiela dio: Infernura eramana izan da. Kaosak gaindi egiten du errotoskopiaren teknika erabiltzen duen letoniar animazio ikusgarri honetan.

  • Dracula: A Love Tale (2025). Luc Besson. Frantzia

XV. mendean Vladimir printzeak uko egiten dio Jainkoari emaztea bat-batean galdu ondoren. Hala, betiereko madarikazio bat jasoko du ordaintzat: Drakula bihurtzen da. Mendeetan noraezean ibiltzera kondenatua, halabeharrari eta heriotzari berari desafio egiten die, geratzen zaion itxaropen bakarrak bultzatuta: bere maite galduarekin elkartzea. Luc Bessonek zuzendua da Bram Stokerren klasikoaren bertsio berri hau.

  • New Group (2025). Yuta Shimotsu. Japonia

Yu transferitu egin dute Ai protagonistaren institutura. Egun batean, ikasle bat agertzen da patioan, katu baten moduan igota, baina inork ez dio jaramonik egiten. Egun batzuk geroago, ikasleak eskolara iristean, giza piramide bat sortzen da lurrean, eta harekin bat egitera behartzen dituzte irakasleek. Yu piramidea hausten saiatzen da, baina ez du lortzen, eta taldea desegin egiten da ezer gertatu ez balitz bezala.

  • OTHER (2025). David Moreau. Frantzia-Belgika

Bere ama bat-batean hil ondoren, Alice (Olga Kurylenko) haurtzaroa igaro zuen etxera itzultzen da. Dirudienez, denbora eten egin da bertan, zaintza-sistema bitxi batengatik izan ezik. Batere zoriontsua izan ez zen iraganaldiko oroitzapenak burura etorri ahala, bere beldurraz elikatu eta sekretu izugarriei aurre egitera behartzen duen presentzia bitxi bat atzetik duela sumatzen hasten da Alice.

  • Que ma volonté soit faite (2025). Julia Kowalski. Frantzia-Polonia

Nawojka gaztea bere aitarekin eta anai-arrebekin bizi da familiaren landetxean. Sekretu izugarri bat du bere baitan gordea: botere izugarri bat —amarengandik heredatu duela uste duena— ernatzen zaio desioa sentitzen duen bakoitzean. Sandra, emakume aske eta sentsual bat, herrixkara itzultzen denean, bere boterea kontrolik gabe azaleratzen hasten da.

  • Redux Redux (2025). Kevin McManus, Matthew McManus. AEB

Bere alabaren heriotzagatik kosta ahala kosta mendekatu hartzeko nahi biziak bultzatuta, Irene Kellyk dimentsio paraleloetan zehar bidaiatzen du hiltzailearen arrastoari behin eta berriro segitu eta hura suntsitzeko. Sastakatu, tirokatu eta torturatu egiten du amorru biziaz, eta horrek zentzua ematen dio bere bizitzari. Hala ere, mendekuak ahitua, gainbehera hasten da bere gizatasuna.

  • A Useful Ghost (2025). Ratchapoom Boonbunchachoke. Thailandia-Frantzia-Singapur-Alemania

Naten heriotza tragikoaren ondoren, oinazeak ahitzen du March. Bere eguneroko bizitza zeharo aldatzen da bere emaztearen espiritua xurgagailu batean berraragitu dela ikustean. Absurdua badirudi ere, elkarren arteko lotura suspertu egiten da, inoiz baino indartsuago. Ordea, denek ez dute begi onez ikusten. Bere familiak gaitzetsi egiten du naturaz gaindiko harreman hori. Urteko proposamen fantastiko harrigarrienetako bat.

  • La Virgen de la tosquera (2025). Laura Casabé. Argentina-Mexiko-Espainia

Natalia, Mariela eta Josefina Buenos Airesko aldirietan bizi diren hiru lagun banaezinak dira, eta haurtzaroko lagun Diegorekin maiteminduta daude. 2001eko uda sargorian, krisi ekonomiko eta sozial sakon batean amaitutako indarkeriaren eztandaren ondoren, Silvia agertzen da, haziago eta mundukoiago, eta beraz liluratuta geratzen da Diego. Nataliak, Diego birkonkistatzera deliberaturik, laguntza eskatzen dio bere amona Ritari, eta honek sorginkerien eta magia beltzaren erresuman barneratzen du. Mariana Enriquezen El carrito eta La Virgen de la tosquera kontakizunen moldaketa.