Bost kontzertu izango dira 2024ko Gure Ahotsak zikloan
Aurten ere bost egun iraungo du emakume musikariei ahotsa eta plaza emateko 2019an Donostia Kulturak abiatu zuen eta iaz egun bakarreko emanaldi izatetik bost kontzertuko egitarau izatera jauzi egin zuen Gure Ahotsak kontzertu zikloak. Hala, martxoaren 1etik 7ra emakumezko musikarien bost kontzertu izango dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko oholtzetan: Idoia Asurmendi, Neomak, Merina Gris, Laura Sam y Juan Escribano eta Queralt Lahoz.
Sarrerak abenduaren 13an jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Zikloko hiru kontzertutarako edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek %10eko deskontua izango dute eta Donostia Kulturako bazkideentzako ohiko %10eko deskontuarekin bateragarria izango da.
Ekimena iragartzeko kartela Raisa Álava ilustratzaile eta artistak egin du aurtengoan. Bost petalodun lore koloretsu eta bizia ondu du Álavak, zikloan parte hartuko den emakumezkoen talde eta bakarlariez osatua.
Egitaraua
Idoia (Victoria Eugenia Antzokia, martxoak 1)
Neomak (Victoria Eugenia Antzokia, martxoak 2)
Merina Gris (Antzoki Zaharra, martxoak 3)
Laura Sam y Juan Escribano (Victoria Eugenia Club, martxoak 6)
Queralt Lahoz (Victoria Eugenia Antzokia, martxoak 7)
Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Artista zerrenda luzea igaro da Gure Ahotsak-eko oholtzatik: Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién, Izaro, Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren, Belako, La Basu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ainara Legardon, Miren, Verde Prato, Eneritz Furyak, Natalia Lacunza, Maite Larburu...