Nacho Vigalondok zuzendutako film berriak, Daniela Forever (2024) euskal koprodukzioak, urriaren 25ean Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 35. Astea inauguratuko du Antzoki Zaharrean. Astea urriaren 25etik azaroaren 1era bitartean garatuko da Principal eta Victoria Eugenia antzokietan eta hiriko beste agertoki batzuetan.

2024.09.16

Filma Sayaka Producciones-ek ekoiztua da, Wrong Men, Señor y Señora, Mediacrest Entertainment eta XYZ Filmsekin batera, eta joan den irailaren 5ean estreinatu zen Torontoko Zinemaldian. Henry Golding, Beatrice Grannò, Aura Garrido, Rubén Ochandiano eta Nathalie Poza ditu protagonista.

Hau Nacho Vigalondok zuzendutako bosgarren film luzea da, Los cronocrímenes (Beldurrezko Astea 2007an inauguratu zuena), Extraterrestre (2011), Open Windows (2014) eta Colossal (2016) filmen ondoren. Azken urteetan telebistako hainbat serietan lan egin du; Historias para no dormir berrien La alarma (2022) kapitulua berak zuzendua da.

Nicolasentzat (Henry Golding) bizitzak zentzu guztia galdu du bere neskalagun Danielaren (Beatrice Grannò) heriotzaren ondoren. Egun batean, bere ametsak kontrolatzeko ahalmena emango dion saiakuntza kliniko batean parte hartzera gonbidatzen dute, eta baiezkoa ematen du, horrek suspertuko duelakoan. Orain Nicolasek gauero amets egin dezake Danielarekin eta elkarren artean inoiz baino idilikoagoa den harremanari berriro ekin. Ametsetan bada ere. Eta haietan bere burua betiko galtzeko arriskuarekin.

Filmaxek banatuko du filma zinema aretoetan.