Bihar, apirilak 29, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Crystal Pite koreografo kanadiarra da aurtengo mezuaren egilea.

2026.04.28

Antzerkiaren Institutu Nazionaleko (ITI) Dantza Batzordeak Jean-Georges Noverre (1727-1810) ballet modernoaren sortzailearen urtebetetzea ospatzeko sortu zuen 1982an.  Dantzaren Nazioarteko Egunaren helburua dantza ospatzea da, arte mota horren unibertsaltasunaz gozatzea, oztopo politiko, kultural eta etniko guztiak zeharkatzea eta, pertsonak amankomuneko hizkuntza baten bidez elkartzea.

Crystal Piten mezua 

Gizakiok mugitu egiten gara —besoak zabaldu, belaunak tolestu, buruari eutsi, bularraldea atzera bota, bizkarra okertu, salto egin, sorbaldak goratu, ukabilak estutu, elkar altxatu eta elkar aldentzean. Hori guztia hizkuntza da, ekintza bezain beste. Hori da gorputzak esan behar duena beharraz, hondamenaz, adoreaz, etsipenaz, desioaz, pozaz, anbibalentziaz, frustrazioaz, maitasunaz. Irudi hauek zentzuz beteta barneratzen dira gure adimenean, erabateko purutasunez nabaritu ditugulako gorputzean— astinduak izan gara.

Denok gara dantzariak. Bizitzak mugitzen gaitu; bizitzak dantzatzen gaitu. Hatsa bezain laburra, hezurra bezain zehatza, dantza gutaz egina da. Espazioa zizelkatzen dugu. Gorputzarekin, hitzik gabeko hizkuntza batez idazten dugu, hala ere sakon ulertzen dugu hizkuntza izanik. Dantzatzean, graziaz bizi gara barruko espazioan eta inguratzen gaituenean.

Bizitza bezala, dantza une oro sortzen eta suntsitzen da. Maitasuna bezala, arrazoimenaz haraindi dago.

Gorputza leku bat bezala pentsatzea gustatzen zait; izateak eusten dion eta forma hartzen duen lurralde bat. Dantza egiten dugunean, erabat inplikatuta gaude izate horretan.

2026aren hasieran idazten dut hau, zapalkuntzak, asaldurak eta sufrimenduak gure munduan azkenik ez dutela dirudien garai batean. Egunero, gizakiok elkarri egiteko gai garenaren izugarrikeria eta pertsonen eta planetaren aurkako indarkeria bortitza finantzatzen eta elikatzen duen botere-makineria ikustean, dantza erantzun erraza izan daiteke itxuraz, baita alferrikakoa ere. Zaila da imajinatzea zer egin dezakeen dantzako artista batek premiaz eraldaketa erradikala eta sendabidea behar dituen mundu batean.

Eta, hala ere, artea, itxaropena bezala, maitatzeko modu bat da. Hondamenean ere sortzaile, gogortzen ari den adimena baliogabetzen du arteak, eta eztigarri gisa jarduten du hura indarberritzeko. Espazio bat da, non elkarri eusten diogun, galderei aurre egiten diegun bitartean —elkarrekin— albisteetan ez bezala, dokumentaletan edo hezkuntzan ez bezala, iritzian eta sare sozialetan ez bezala, aktibismoan eta protestan ez bezala, baina haiekin bateragarri beti.

Sormenaren bidez, erresistentzia eta itxaropena metatzen goaz, ausardia, jakin-mina, zaintza eta lankidetza tartean diren ekintza txikien bitartez. Dantzan, eta dantza sortzeko ekintzan, gizadia bere azken hondamen kolektiboa baino zerbait gehiago denaren froga aurkitzen dugu.

Baina dantzak ez du justifikaziorik edo azalpenik behar. Gutaz egina dago eta, hala ere, ez digu ezer zor. Bizitzeko prest dagoen gorputz bat besterik ez du behar. Leku horretatik, adierazi ezina adieraz dezake, gizakiaren eta ezezagunaren arteko bitartekari gisa jardunda.

Instant honetan bertan hunkitu egiten gara edertasun printza iheskor hauen aurrean. Eta bai dantza bai haien desagertzea gorpuztean, geure iragankortasunaz ohartzen gara. Aldi berean, adi bagaude, dantza, noizean behin, argi-izpi bat da gure ariman.