Irati eta Abyzou filmek ireki eta itxiko dute Astea, urriaren 28a eta azaroaren 4a bitartean garatuko dena.

2022.10.20

Urriaren 28an, ostirala, Irati (Paul Urkijo Alijo, 2022) filmak inauguratuko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astea, Antzoki Zaharrean. Bertan, Abyzou (Oliver Park, 2022) filmak itxiko du urriaren 4an.

Bi data horien artean urteko fantasiazko zinemaren pelikularik onenen hautaketa bat proiektatuko da: film luzeak eta laburrak, baita generoaren klasikoetako batzuk ere. Bestetik, hainbat jarduera egingo dira Asteko programazioaren osagarri gisa.

Aurten 32 film luze, 30 labur eta telesail bateko 3 atal proiektatuko dira guztira.

Antzoki Zaharra izango da lehiaketa honen egoitza nagusia. Bertan proiektatuko da osorik Asteko film luzeen sail ofiziala, 23 tituluk osatua.

Victoria Eugenia Antzokian film laburren sail ofizialeko pelikuletako batzuen bigarren emanaldiak eskainiko dira, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin euskaraz. Bertan, gainera, nazioarteko film laburren eta animaziozkoen maratoiak eta saio bereziak egingo dira, besteak beste, “Pobre diablo” (2022) animazio-sailaren aurkezpena, ekipoa osatzen dutenetako batzuk bertan direla. Club Aretoan, umorezko ikuskizun bat ere izango da, Barrexerka taldeak Asterako propio prestatua. Eta Victoria Eugenia Antzokian bertan ere grabatuko dira Asteari buruzko podcastak: La hora caníbal eta ¡Estamos vivas!

Aurten lau proiekzio izango dira Tabakaleran. Alma viva (2022) eta Incroyable mais vrai (2022) filmez gain, Kwaidan (1964) klasiko japoniarra emango da, eta Euskadiko Filmategiak, Astearekin lankidetzan, Pedro Olea zinemagile bilbotarrari egingo dio bertan omenaldia, El bosque del loboren (1970) proiekzioarekin.

Aurten, kanibalismoa da Asteko programazioaren leitmotivetako bat. Hala, Hermenaute-rekin batera, Antonio José Navarroren El banquete infinito. Representaciones del canibalismo en el cine liburua argitaratu du Asteak.

Gai honen inguruan ere antolatu da Asteari hasiera ematen dion kaleko festa klasikoa, aurten berreskuratua eta urriaren 29an, larunbatean, egingo dena. Donostiako Boulevard zumardia, zehazki Kioskoaren inguruak, izango dira Azokanibalen eszenatokia: kalejira pagano bat, makillaje tailerrak eta eskulanetakoak, antzerkia… biltzen dituen azoka bat. Kanibalismoa sail ofizialeko titulu batzuetan ere ikusiko dugu, besteak beste Antzoki Zaharrean proiektatuko den Jesús Francoren Mondo cannibale (1980) klasikoan.

Bestetik, urriaren 22an, Astearekin lankidetzan, Bang Bangek saio bikoitz bat aurkeztuko du Antzoki Zaharrean. Bertan emango dio hasiera urteko bere programazioari eta han ikusi ahal izango ditugu Batman (1989) eta A Nightmare on Elm Street (1984).

Victoria Eugenia Antzokian haurrentzako izango den proiekzioak (Izurde mutikoa, 2022) eta Kresala zineklubarekin egindako kolaborazioak (Men) osatuko dute aurtengo Astearen zinema programazioa.

Programan beste jarduera batzuk ere biltzen dira: Fanzineen Gerra klasikoaren 7. edizioa egingo da eta Beldurrola antolatu da, beldurrezko rol-jokoen saioak euskaraz.

Euskal Itsas Museoa ere elkartuko da jardueretara. Hala, bertan hartuko du Grillos Navajerosen saio berezi bat, taldearen hamargarren urteurrenean, eta itsas gaien inguruko kartel klasikoen erakusketa bat: Zinema itsasoak.

Erakusketa horrekin batera, beste 5 egongo dira ikusgai aurtengo programazioan: Luis Gasca: Komikia eta zinema, Koldo Mitxelena Kulturuneak antolatua Donostia Kulturarekin lankidetzan, eta irailetik aurrera Okendo KEn irekia; Fuego Fatuo: Ulertezinaren bestiarioa Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan, edizio honetan berreskuratua; Arantza Sestayo (Liburutegi Nagusia), Euskadi Fantastikoaren hemezortzigarren edizioan; Odol tinta – Banpiroari omenaldia (Intxaurrondo KE), Bilboko FANTekin eta Literaktumekin lankidetzan; eta Tolosako TOPICek Tito Saavedrari eskainitako omenaldia, Antzoki Zaharreko fatxada historikoetako batzuen dekorazioaren egileari.

Edizio honetan bere jarduerarekin jarraitzen du Noviembre Fantasma online hedapen-kanal partekatuak, Fancine (Malaga), Terror Molins (Molins de Rei) eta Isla Calavera (Ciudad de La Laguna-Tenerife) zinemaldiekin lankidetzan sortuak.

SARREREN ETA ABONUEN SALMENTA

Urriaren 21ean, ostiralean, 11:30ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan, eta presentzialki bakarrik eskuratu ahal izango dira. Urriaren 24an, astelehena, sarrera solteak jarriko dira salgai, ordu berean, Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean.