Fernando León de Aranoa zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostiralean, apirilak 12, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den inaugurazio emanaldian izango da.

2024.04.12

Gidoilaria, ekoizlea eta fikzio eta dokumentalen zuzendaria. Azken hiru hamarkadetan, XXI. mendearen hasierako Espainiako bizitzaren kronista argienen artean kokatu da. Klase xumeenen erretratugilea da bera, eta langileekiko jarrera konprometitua eta solidarioa erakutsi izan du beti, besteak beste Los lunes al sol (2002) edo bere azken fikzioa den El buen patrón (2021) filmetan.

1996an Familia film harrigarriarekin debuta egin zuenetik, Barrio (1998), Princesas (2006), Amador (2010), A Perfect Day (2015) eta Loving Pablo (2017) zuzendu ditu.

Bestetik, askotan hurbildu da dokumentalaren generora: Mexikora joan zen Caminantes (2001) filmean martxa zapatista filmatzeko, baita Ugandara ere, neska eta mutil soldaduen istorioa kontatzen duen eta Invisibles (2007) film kolektibo barruan dagoen Buenas noches, Ouma filma grabatzeko. Azken urteotan gainera Podemosen bilakaera politikoa (Política, manual de instrucciones, 2016) eta Joaquín Sabinaren bizitza eta ibilbidiea (Sintiéndolo mucho, 2022) jaso ditu.

Lau aldiz irabazi du zuzendari onenaren Goya saria, hiru aldiz gidoi onenarena, bi aldiz film onenarena eta bat dokumental onenarena, eta bere filmak maiztasunez aurkezten dira mundu osoko zinemaldietan, besteak beste Donostiakoan, non film onenaren Urrezko Maskorra jaso zuen Los lunes al sol filmagatik, eta zuzendaritza onenaren Zilarrezko Maskorra Barriogatik.

Literaturaren arloan Contra la hipermetropía (Debate, 2010) eta Aquí yacen dragones (Seix Barral, 2013) argitaratu ditu.

Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.

2007an eman zen lehen aldiz Giza Eskubideen Zinemaldia Saria, zinean dihardutenei giza eskubideen alde egin duten lana eta hartua duten konpromisoa aintzatesten duena. Urte hartan Pilar Bardem antzezleari eman zitzaion saria, giza eskubideak, demokrazia eta bakea defendatzen egin duen ibilbideagatik, eta kausa eta kolektibo kalteberenen alde erakutsi izan duen elkartasunagatik eta egin izan duen lanagatik.