“Gaua” filmak emango dio hasiera Beldurrezko Zinemaren Asteari
Paul Urkijo Alijok zuzendutako film berriak, Gauak (2025), emango dio hasiera urriaren 31n Kursaalen Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 36. edizioari. Astea urriaren 31tik azaroaren 7ra bitartean garatuko da, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian, eta hiriko beste agertoki batzuetan.

Gaua Paul Urkijo Alijok zuzendutako hirugarren film luzea da, Errementari (2017) eta Irati (2022) filmen ondoren. Zuzendariaren aurreko lanetan bezala, fantasiaren eta errealitate historikoaren kodeen artean mugitzen da, baina oraingoan XVII. mendean girotutako euskal mitologiako gauaren munduan murgilduta. Filmak gaueko izakien mundu kezkagarria eta landa-eremuko sineskeriaren iruditeria uztartzen ditu, misterioz, emozioz eta epikaz blaitutako unibertsoa sortzeko.
Irusoin, Ikusgarri Films, Vilaüt Films eta Gaua AIE etxeek ekoitzitako filma Sitgeseko Zinemaldian estreinatuko da. Yune Nogueiras, Elena Irureta, Ane Gabarain eta Iñake Irastorza ditu protagonista.
Filma azaroaren 14an estreinatuko da zinema aretoetan, Filmaxek banatuta.
Sinopsia
Euskal mendiak, XVII. mendea. Sorgin ehiza betean, Kattalinek senarrarengandik ihes egiten du, eta baserritik alde egiten du gauaren erdian. Basoaren ilunpetan galduta, presentzia bat sumatzen du bere atzetik. Bidean, hiru emakumerekin topo egiten du; hauek, ibaiaren ondoan arropa garbitzen ari direla, beldurrezko ipuinak eta herriko zurrumurruak kontatzen dizkiete elkarri. Kattalin harrituta jabetzen da bera ere tartean dela istorio horietan.