Giza Eskubideen 23. Zinemaldiko Gazte Epaimahaian parte hartzeko izen-ematea irekita
18 eta 30 urte bitarteko ehun gazte inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia, Giza Eskubideen 23. Zinemaldiko Film Labur Onenaren Saria emateko.
Gazte Epaimahaian kide izateko www.donostia.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 26ra arte irekita dago.
Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.
Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Victoria Eugenia Antzokira joan beharko dute apirilaren 22n, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:00etako/19:30etako Victoria Eugeniako saioen %80ra joan beharko dute.
Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu.
Informazio gehiago: Oinarriak eta izenematea