Osasun mentala, Palestinaren egoera, migrazioak, lanaren etorkizuna, Ukrainako haurrak eta transexualen eskubideak izango dira zinemaldiko film eta solasaldietako gaietako batzuk eta erakusketak ere izango dira hiriko hainbat tokitan.

2024.04.04
Nina
Nina

El salto (2023) filmak, Benito Zambranok zuzenduak, emango dio hasiera datorren apirilaren 12an Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 21. Zinemaldiari, Udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatuta.

Inaugurazioko saioan, Fernando León de Aranoa zinegile konprometituak aurtengo sari berezia jasoko du, bere ibilbide osoari emana.

Andrea Jaurrietak zuzendutako Nina (2023) euskal filmak itxiko du zinemaldia apirilaren 19an Victoria Eugenian, film luze eta laburren sariak banatuko diren galan.

Proiekzioak Victoria Eugenia Antzokian izango dira batez ere, eta bi emanaldi ere izango dira Antzoki Zaharrean. Tabakaleran, Zinema eta memoria zikloa osatzen duten hiru filmak proiektatuko dira. Aurten 35 nazionalitateko 45 film programatu dira guztira (26 film luze eta 19 film labur), eta izen handiak daude tartean, besteak beste Agnieszka Holland eta Nuri Bilge Ceylan, baita Indarkeriaren oi(h)artzunak eta Muerte en Amara euskal ekoizpenen estreinaldi absolutuak ere.

Zine programazioa ia egunero osatuko da filmen protagonisten, zinegileen eta landutako gaietan adituak diren pertsona ezagunen solasaldiekin.

Antzoki Zaharrean, goizeko emanaldiak 9 izango dira guztira hiriko ikastetxeentzat. Adin-taldearen arabera aukeratutako filmak hauek dira: Kurrin (2022), Dounia eta Alepoko printzesa (2022) eta 20.000 erle espezie (2023). Filmen gida didaktikoak, aurten, Zinhezba, Kalakalab eta GazteFilm Fest-ek landu dituzte (lehenengo biak), eta hirugarrena (Zinemaraaaa programaren barruan) Tabakalerak (Hezkuntza eta Zinema arloetako taldeak), filmaren zuzendari Estibaliz Urresolarekin lankidetzan.

Zinemaldiaren programazioan 4 erakusketa daude, ilustraziotik hasi eta argazkilaritzaraino.

Aurten ere, MUGI TÚ giza eskubideei buruzko online jokoa izango da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatua. Jokoak proban jarriko ditu parte-hartzaileek arlo horretan dituzten ezagutzak. Eta Koordinakundearen laguntzarekin, Lamine Thior aktore senegaldarraren umorezko bakarrizketa bat, Españul, antolatu da Antzoki Zaharrean.

Bestetik, apirilaren 9an, Amnistia Internazionalak antolatutako mahai-ingurua egingo da Victoria Eugeniako Club aretoan; desobedientzia zibil baketsuaren kriminalizazioa izango da gaia.

Zinemaldiak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jasotzen du, Giza Eskubideen eta Kultura Demokratikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, baita hainbat GKEren eta erakunderen laguntza ere ‒Zehar, Unicef, Gehitu, Amnesty International, Acnur, SOS Arrazakeria eta FiSahara, besteak beste‒.

Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea kalitatezko zinemaren bidez bultzatzea da zinemaldi honen helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.

SARRERAK

Sarrerak (5 €) datorren ostiralean, apirilaren 5ean jarriko dira salgai 11:30etik aurrera Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Internet bidez.

Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean jarriko dira publikoaren eskueran bi antzokietako leihatiletan baita online ere.