Film laburrik onena aukeratuko dute gai sozialak lantzen dituen nazioarteko lehiaketan. Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko kredituak lortzeko aukera ematen du. Izen-emate epea martxoaren 15era arte zabalik da.

2024.02.02

18 eta 30 urte bitarteko ehun gazte inguruk osatuko dute Gazte Epaimahaia. Apirilaren 12 eta 19 bitartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 21. edizioaren baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kide izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus webgunean izena eman behar da. Epea martxoaren 15ra arte irekita dago. Behar izatekotan, zozketa egingo dugu martxoaren 19an.

Aurreko urteetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera emango du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Ikus-entzunezko graduko Mondragon Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte. Gainera, epaimahaikide lana egingo duten gazteek Zinemaldiko programazio osoa doan ikusteko aukera izango dute.

Parte hartzen dutenek, derrigorrez, Victoria Eugenia Antzerkira joan beharko dute apirilaren 11an, arratsaldez, film laburrak ikusteko saiora. Horretaz gain, Zinemaldian zehar, gutxienez, 19:00etako saioen %80ra joan beharko dira.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute. Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira; besteak beste, solasaldiak eta erakusketak.

Informazio gehiago: oinarriak eta izenematea.