Imanol Uribek jasoko du 2026ko Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria
Imanol Uribe zinegileak jasoko du aurten Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren Saria. Sariaren entrega ostegunean, apirilak 30, 20:00etan Victoria Eugenia Antzokian ospatuko den bukaera emanaldian izango da.
Azken 50 urteetan euskal zinemak eman duen izen handietako bat da, ezinbesteko figura Espainiako demokraziaren historia kontatzeko. Trantsizioan, Euskadin egindako klasiko batzuen zuzendaria izan zen: El proceso de Burgos (1979), La fuga de Segovia (1981) eta La muerte de Mikel (1983) tartean. Film haiek zinema berri bati ateak ireki zizkioten, bere garaiko errealitateari atxikitako zinemari, eta aldaketa eta irekierako urte haietan gizartean gertatzen ari zena kontatzeko irrikaz zegoenari.
Zinemagile konprometitua izan da beti, gaurkotasuneko gai sozialei heldu izan diena: terrorismoa Días contadosen (1994), Donostiako Urrezko Maskorra eta 8 Goya sari irabazitakoa, film onena eta zuzendaritza onena barne, edo Lejos del maren (2015); immigrazioari eta arrazakeria Bwanan (1996), Urrezko Maskorra irabazitakoa; Gerra Zibila El viaje de Carolen (2002) eta diktadura frankista Miel de naranjasen (2012); eta, oraintsuago, El Salvadorren 1989an gertatutako sei jesuitaren hilketa, Llegaron de noche (2022) filmean.
Ibilia da abenturazko zineman —La carta esférica (2007)—, thrillerrean —Plenilunio (2000) eta La sospecha de Sofía (2025)—, zinema historikoan —El rey pasmado (1991), beste 8 Goya sariren irabazlea— eta beldurrezko zineman ere —La luna negra (1989)—, Pérez Reverte, Muñoz Molina eta Torrente Ballesterren nobelen moldaketekin.
Saria Aitor Mendizabal artista euskaldunaren biktima guztien oroimenezko Oroimena – Memoria izeneko monolitoaren erreplika da.
2007an eman zen lehen aldiz Giza Eskubideen Zinemaldia Saria, zinean dihardutenei giza eskubideen alde egin duten lana eta hartua duten konpromisoa aintzatesten duena. Urte hartan Pilar Bardem antzezleari eman zitzaion saria, giza eskubideak, demokrazia eta bakea defendatzen egin duen ibilbideagatik, eta kausa eta kolektibo kalteberenen alde erakutsi izan duen elkartasunagatik eta egin izan duen lanagatik.
Harrezkero, hauek izan dira saritutakoak: Elías Querejeta produktorea, José Luis Borau zinegilea, Goran Paskaljević zuzendari serbiarra, Kim Longinotto dokumental egile britainiarra, Icíar Bollaín aktore eta zuzendari madrildarra, Patricio Guzmán dokumental egilea, Robert Guédiguian zuzendari frantziarra, Lourdes Portillo zuzendari chicana, Tony Gatlif zinegilea eta musikaria, Deepa Mehta zuzendari indiarra, Laurent Cantet errealizadore frantziarra, Annemarie Jacir zuzendari palestinarra, Montxo Armendáriz eta Puy Oria zinegile nafarroakoak, Abidin Kaid Saleh Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskola (Sahara), Carmen Castillo zinegile txiletarra, Fernando León de Aranoa gidoilaria eta zuzendaria eta Helena Taberna errealizadore nafarroakoa. Haiek guztiak aspalditik ari dira zinearen alorrean giza eskubideak defendatzen.