Literaktum 2025: azken asteburuko programazioa
Lehenengo bi asteetako programazioak harrera arrakastatsua izan eta gero, literaturaz betetako bigarren eta azken asteburuari ekingo dio Literaktum jaialdiak. Jarduera horietako batzuen audioak entzun daitezke Berriro entzun - DK ON! atalean.
Azaroak 21
Hasteko, Lourdes Oñederrak Azken batean eleberria aurkeztuko du Itziar Ugarterekin solasean, arratsaldeko 19:00etan, San Jeronimo aretoan. Ordu berean, Ernest Lluch Kultur Etxean, Isola erakusketara bisita egingo du Nerea Urrestarazuk. Sortzaileak, Literaktum jaialdiaren aurtengo gaia aintzat hartuta, espreski sortu dituen margo lanen nondik norakoak azalduko ditu.
19:30ean, Gastronomiazko Euskal Anaiartean, Virginia Woolfek Dalloway andrea idatzi zuela ehun urte betetzen direla eta, literatur solasaldia gidatuko du Slawka Grabowskak, idazlearen ibilbide osoari eta garaiko janari eta eguneroko bizimoduari arreta berezia eskainiz. Literatur solasaldi honen ostean, 21:00etan afari literarioa izango da. Virginia Woolfen liburuetan azaltzen diren platerak dastatu ahal izango dira: vichyssoise zopa, izokina eta soufflea. Jada ez dago afaltzeko tokirik, plaza guztiak agortu baitira.
Azaroak 22
Asteburuan sartuta, Ipuin Kontalarien XI. Maratoiaren helduentzako saioa izango da, Emeen kemen narrazio saio musikatua aurkeztuko dute Maider Alcelayk eta Igor Salak, San Jerónimo aretoan, 18:00etan.
Eta larunbatean baita ere, Kutxa Fundazioa Irun Literatura Sarien banaketa ekitaldia izango da 19:30ean, Irungo Musika eta Dantza Eskolan. Oraingoan, eleberria eta olerkia modalitateak sarituko dira, euskaraz zein gaztelaniaz.
Azaroak 23
Igandean aldiz, Joxan Oizek idatzitako Amazurtza eleberrian oinarritutako ibilbide literarioa gidatuko du egileak berak 11:00etan Konstituzio plazako liburutegiaren ataritik abiatuta. Izen ematea beharrezkoa zen eta dagoeneko agortuta daude plazak.
Eta aurtengo edizioari amaiera emateko, Iñaki Salvadorrek pianoan eta Miren Gabirondok eskusoinuarekin, munduan zehar bidaiatzera gonbidatuko dute entzulegoa, Eskusoinu ibiltaria kontzertu eszenikoan. Victoria Eugenia Cluben izango da, 19:00etan, eta gonbidapena beharrezkoa izango da.
Literaktum Txikia
Literaktum Txikiari dagokionean ere, jarduerak izango dira nonahi.
Hasteko, azaroaren 21ean, ostiralean, Kay, robot antzezlana izango da Loiola Kultur Etxean 18:00etan.
Larunbatean, azaroaren 22an aldiz, Ipuin Kontalarien IX. Maratoia egingo da San Jeronimo aretoan, adin ezberdinetara zuzenduak, 11:00etan, 12:00etan eta 17:00etan.
Amara eta Aieteko haurtxokoetan ilustrazio lantegi bana izango dute, Aitziber Alonso eta Iban Illarramendi ilustratzaileekin. Biak ere, 17:00etan izango dira.
Ordu berean, Aieten Orion eta iluntasuna filma ikusteko aukera izango da.
Aurtengo Literaktum Txikia amaitzeko, bi antzerki emanaldi eta ikuskizun bat: Olaiaren lorategia, 17:00etan Okendo Kultur Etxean eta 17:30ean, Gazteszenan Semaforoa obra izango da ikusgai. Eta azken ikuskizuna, Larratxon, Kukai dantzak eta Maite Larburuk, Leire Bilbaoren izen bereko ipuinean oinarritutako Klera aurkeztuko dute.
Informazio guztia Literaktum.eus webgunean dago. Egun hauetako argazkiak Flickr-en daude ikusgai eta hitzaldien audioak DK Irratian entzun daitezke ere podkast formatuan, baita Berriro entzun - DK ON! atalean ere.