Literaktum letren jaialdiak azaroaren 9tik 22ra du aurtengo hitzordua. Sail eta proposamen berri anitzekin eta, ohi denez, kolaborazio-sare zabalarekin gauzatuko da.

2026.11.03

Bitxia: aniztasuna eta ahots isilak izango da aurtengo jaialdiaren gai-ildo nagusia. Noren ahotsa entzuten da eta norena geratzen da isilik? Badira kontatzen diren istorioak, eta badira kontatu gabe gelditzen direnak. Literaktumeko aurtengo edizioan gutxiengoen istorioak, ikustezin bihurtzen diren errealitateak eta identitateen arteko gatazkak izango dira hizpide.

Literatura jaialdiaren lehen astean Yasmina Reza, Joseba Sarrionandia, Máximo Huerta, Elvira Mínguez, Juan Gabriel Vásquez eta Irati Jimenez izango dira euren azken lanak aurkezten. Baita Jabier Muguruza, Lucía Solla Sobral, Nerea Pallares eta Uwe Wittstock ere.

Azaroaren 16tik aurrera, aldiz, Patricio Pron, Llucia Ramis, Manuel Vilas, Ken Bugul, Garazi Kamio, Fabio Neri, Itziar Ugarte, Sergio del Molino eta Madalena Matoso izango dira parte hartzaileak.

Idazleen solasaldietarako sarrera librea izango da kasu gehienetan, hauetan salbu: Yasmina Reza, Juan Gariel Vásquez, Manuel Vilas, Okendo Kultur Etxean; Joseba Sarrionandia, Jabier Muguruza eta Ángel Marco, Victoria Eugenia Clubean. Bestalde, Kutxa Fundazioa Klubean (Tabakalera) burutuko diren Kutxa Fundazioaren Literatur Sarien banaketa ekitaldietarako ere gonbidapena beharrezkoa izango da. Euskarazko sariketan Jon Gerediaga eta Arantza Arrien izango dira sarituak. Gaztelaniazko saritua Ernesto Is izango da eta bere saritutako lanean oinarritutako soinu performanceaz gozatzeko aukera izanen da, Inko Martin irrati esatariaren eskutik.

Aniztasunaren bidetik, publiko mota guztietarako gozagarriak diren jarduerak aurrera eramango dira, hala nola,  bost erakusketa, solasaldi eta afari literarioa, hainbat jarduera berezi, helduentzako antzezlan interesgarriak eta Literaktum txikia, ipuin kontalariz, antzerki gogoangarriz eta tailerrez josia, LHko haurrei zuzendutako Ilustrazio Lehiaketa ahaztu gabe.