Malandain Ballet Biarritzek eta Victoria Eugenia Antzokiak lankidetza berritu dute
Balantze ona eginda eta garatzeko proiektu berriarekin, Malandain Ballet Biarritzek eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokiak helburuen eta bitartekoen hitzarmena berritu dute 2028 urterarte. Hitzarmenak Ballet T kultur lankidetzako proiektua hartzen du barne, zeina 2007tik ari baitira egiten Euskal Herrian.

Maider Arosteguyk eta Eneko Goiak, Biarritz eta Donostiako alkateek, hurrenez hurren, Ballet T proiektuaren berritzea sinatu dute, 2007an hasitako lankidetza proiektua, eta helburu hauek dituena:
- Kultura koreografikoak sustatzea arte-proiektu erkidearen bidez, ahalik eta pertsona gehienen eskuragarri egon dadin.
- Mugaz gaindiko lurraldeko artisten eta publikoen arteko elkarrizketari laguntzea sentsibilizazio- eta bitartekotza-ekintzen bidez.
- Donostiaren eta Biarritzen arteko errepertorio erkidea sortzea, Malandain Ballet Biarritzen mugaz gaindiko bokazioa sustatuz eta Euskal Herriko artistei lagunduz.
- Euskal Eurohiriaren ikusgaitasunari laguntzea Eskualde Handian, Frantzian eta nazioartean, Malandain Ballet Biarritzen proiekzioan bermatuta.
- Eta ingurumen-ardatz berria txertatzea, mugaz gaindiko lurraldeko kultura, ingurumen eta turismo eta abarren arloko egituren arteko lankidetzak hasiz edo lagunduz.
Hurrengo hiru urteetan, eta "Ballet T"ko helburuak betetzeko asmoarekin, jarraipena izango dute bi hirien arteko errepertorio komuna sortzera bideratutako jarduerak, publikoen garapenerako sentsibilizazio- eta bitartekaritza-programaren hedapenak eta, Eskualde Handian nahiz nazioartean Euskal Herriaren ospeari egindako ekarpenak.
Ekintzon osagarri Larrun izeneko proiektu berria sortuko da. Proiektuak lagundu nahi die, "produkzio eta zabalpen hobe"ko logikaren ildotik, Euskal Herriko eta beste toki batzuetako konpainia baten edo batzuen koprodukzioari, egonaldiko harrerari eta programazioari.
Biarritz eta Donostiako hirietaz gain, Euskal Hirigune Elkargoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere laguntzen diote Malandain Ballet Biarritzi, Ipar Euskal Herrian eta Gipuzkoan lurralde-lankidetzaren eta lurraldeko erakargarritasuna garatzeko egindako ekintzengatik.