Iker Murillo eta Vitali Safronkine dantzarien azken agurreko dantza-oinetakoak, hemendik aurrera, Victoria Eugenia Antzokiko foyerrean egongo dira ikusgai. Hiriko alkate Jon Insaustik jaso du dohaintza antzokian, apirilaren 29an mundu osoan ospatzen den Dantzaren Nazioarteko Egunaren testuinguruan. 

2026.04.29
 © Arnaitz Rubio
© Arnaitz Rubio

Iker Murillok eta Vitali Safronkinek agur esan zieten agertokiei Victoria Eugenia Antzokian, 2023ko urtarrilaren 21ean, Hegalak. Notas vascas para piano y danza piezarekin, hainbat hamarkadatan maila goreneko dantzari profesional gisa aritu ondoren. Hala, orduan sortu zen asmoa eta nahia dohaintza hau egiteko, 2026an Dantzaren Nazioarteko Egunaren inguruan  gauzatu dena. Josu Okiñenak pianoan lagunduta egin zuten bira hartako dantza-oinetakoak pausatu egin dira orain balletari eskainitako bitrinan, arian-arian handitzen doan horretan.

“Elkarrekiko keinu polita da. Luxua da niretzat hain garrantzitsua den zerbait partekatzea, alegia nire azken emanaldiko dantza-oinetakoak, bitrina horretan, maila horretako dantzarien dohaintzekin batera”, azpimarratu du Iker Murillok eta “Etxean esan nahi nion agur nire ibilbide profesionalari eta lagunen artean egitea, ba al da modu hobeagorik?” gehitu. Bestalde, Vitali Safronkinek gaineratu du “Victoria Eugeniak gauza asko sinbolizatzen ditu niretzat. Horregatik, azken emanaldi haren gure zatitxo bat eskaintzeak ilusio handia egiten dit”.

Balletari eskainitako beira-arasa

Iker Murilloren eta Vitali Safronkineren dantza-oinetakoak mundu osoko agertokietan izan dira, eta Victoria Eugenia Antzokian dohaintza moduan ikusgai daudenak aitortza bat dira dantzari hauen ibilbide profesionalari eta haiek utzitako ondareari. 

Bitrina horretan bertan daude Alicia Amatriainek dohaintzan eman zituenak 2017an Donostiako Udalak omenaldia egin zionean, Donostia Bihotzean Galaren aurretik, 2016an Benois de la Danse Saria (balletaren Oscar sarien baliokidea) jaso izana ospatzeko. 

Era berean, 2022an Lucia Lacarrak eta Ion Agirretxek beren dantza-oinetakoak eman zituzten, Fordlandian eta Gisellen, hurrenez hurren, Kursaal Auditorioan egin zituzten emanaldien ondoren.