Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero irailean egin ohi diren Poesia Orduak errezitalen antolatzaileak. Aurten ere bi antolatu dira: hilaren 7an, Alaska (Castillo Suarez, Juantxo Zeberio eta Xabi Lozano)  eta hilaren 8an Olatu arteko txalupa arraroa (Joseba Sarrionandia eta Ines Osinaga). Biak Victoria Eugenia Cluben izango dira, iluntzeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira antzokiko leihatilan, emanaldien egunetan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

2022.08.31

Alaska emanaldian Castillo Suarezek jarriko ditu hitzak, Juantxo Zeberiok musika eta Xabi Lozanok argia eta eszenografia. Alaska izeneneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu. Maiz idatzi da desamodioaz eta abandonuaz, baina gutxiago tokiekin lotzen gaituen hari ikusezinez, tokien dolua nola egin ez dakigula. Izan ere, gure bizia, gure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan. Alaska errezitala lehendabiziko aldiz eskainiko da eta bertan entzungo diren poemak beste batzuekin batera hurrengo urtean argitaratuko dira Elkar argitaletxean.

Olatu arteko txalupa arraroa, berriz, bidaia luzeko kantuak dira hauek, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia. Duela ia hamar urte Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letrekin Gosariak proiektua sortu zuten idazlea eta Gose taldearen artean. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagunduta.