Titirijaiko txotxongiloak azaroan Victoria Eugenian
TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentroaren laguntzarekin, Victoria Eugenia Antzokiak erakusketa bat eta txotxongilo-ikuskizun sorta bat jasoko du adin guztietako ikusleei zuzenduta.
Azaroaren 9tik 15era, antzokiko foyer-a TOPICek prestatutako mundu osoko txotxongiloen bilduma liluragarri batez beteko da. Indonesiako Wayang Golek-etik hasi eta Vietnamgo ur gaineko txotxongiloetaraino, Indiako pieza koloretsuak eta Europako txotxongilo tradizionalak barne, erakusketak arte honen historian eta aniztasunean arakatzeko aukera emango du.
Erakusketa zabalik egongo da goizeko 11:00etatik 13:30era. Hilaren 13tik 15era irekita izango da 19:00etatik 22:00etara, eta antzokiko programazioaren baitan dauden ikuskizunetarako sarrera dutenek bisitatu ahalko dute.
Erakusketaz gain, hiru ikuskizun ere ikusi ahal izango dira Victoria Eugenia Cluben azaroaren 29tik abenduaren 1era:
- Azaroaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, L 'Alinea frantziar konpainiaren eskutik Historias cortas, sin palabras. Hiru istorio labur dira, 15 minutukoak bakoitza, eskularruzko txotxongiloak, kontrabaxu eta baxuko zuzeneko musikarekin.
- Di Filippo italiarrek Variations aurkeztuko dute azaroaren 30ean arratsaldeko 17:00etan. Harizko txotxongiloen keinu bidezko ikuskizuna da.
- Azkenik, igandean, abenduaren 1ean, arratsaldeko 17:00etan, Malagako (Espainia) Ángeles de Trapo konpainiakoak izango dira Error 404 antzezlanarekin. Keinu bidezko ikuskizuna da, mahai-txotxongiloekin.