Vermines (2023) film frantsesak, Sébastien Vaniček zuzendariarenak, inauguratuko du urriaren 27an, Antzoki Zaharrean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea. Aurten urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean garatuko da, Antzoki Zaharrean eta Victoria Eugenia Antzokian, eta hiriko beste eszenatoki batzuetan.

2023.09.18

Filmak, My Box Filmsek eta Tandemek ekoiztuak, duela egun batzuk itxi zuen Veneziako Zinemaldiko Kritikaren Nazioarteko Astea. Sébastien Vaniček zinemagileak zuzendutako lehenengo film luzea da, aurretik hainbat film labur egin ondoren, eta Théo Christine, Finnegan Oldfield, Sofia Lasaffre, Lisa Nyarko eta Jérôme Niel dira bertan protagonistak.

Fantasiazko generoko pelikula honek oinarri soziala du. Bertan, armiarma arriskutsuez osatutako talde bat ihesi dabil hiri handi bateko inguruetan.

Kaleb animalia exotikoekin liluratuta dagoen gazte bat da. Gau batean, bazar batean armiarma bat erosi eta bere apartamentura eramaten du, eta bere arrebarekin partekatzen du. Armiarma, oso pozoitsua, berehala ihes egin eta ugaltzen hasten da. Hala, tranpa hilgarri bihurtuko da eraikina; are gehiago, poliziak eraikina itxi eta Kaleb eta bere lagunak araknido hiltzaileen horda batekin harrapatuta geratzen direnean. Irteera bat aurkitzea izango da bizirik irauteko aukera bakarra.

Adso Filmsek banatuko du filma zinema-aretoetan.

Informazio gehiago: Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea