61 Jazzaldiaren baitan XII. JazzEñek Estatuko Jazzaren panoramika eskainiko du zortzi kontzerturekin, uztailaren 22tik 25era, Victoria Eugenia Antzokian

2026.05.07

JazzEñe 2026k zortzi kontzertu bilduko ditu, lau saio bikoitzetan banatuta, uztailaren 22tik 25era. Emanaldiak 12:30ean hasiko dira Victoria Eugenia Antzokian. JazzEñeren hamabigarren edizioa izango da hau, publikoari irekitako espainiar Jazzaren erakustaldia, eta nazioarteko programatzaileei ere zuzendua, eta seigarren urtez jarraian ospatuko da Jazzaldiaren baitan.

Hauek dira hautatutako zortzi taldeak:

  • Uztailak 22 (12:30):
    • Javi Ruibal Cuarteto
    • Xan Campos: Amorodios
  • Uztailak 23 (12:30):
    • Anggie Obin
    • Noa Lur: Multipolar
  • Uztailak 24 (12:30):
    • Pleito
    • El Gran Ra
  • Uztailak 25 (12:30):
    • Víctor Antón Cuarteto: Nudos (música inevitable)
    • Daniel Juárez quartet: reflexividad

Sarrerak Salgai
Sarrerak salgai daude dagoeneko (prezioa 10 €). Victoria Eugenia Antzokirako abonamenduan (prezioa 72,25 €) JazzEñeko lau egunak sartzen dira, baita Carmen Lundyren kontzertua (uztailaren 22an, 18:00etan) eta Louis Sclavisena (uztailaren 26an, 12:30ean) ere. Sarrerak eta abonamenduak Jazzaldiaren webgunean, Donostia Kulturaren webgunean edo zuzenean antzokiko leihatilan eros daitezke.

158 Jazz proiektu aurkeztu dira
Zortzi proiektuak profesionalen batzorde batek aukeratu ditu, jasotako 158 proposamenen artean. Epaimahaia honako hauek osatu dute: Javier Estrella, JazzEñeko zuzendaria; Manuel Marvizón, SGAE Fundazioko Musika arloko zuzendari instituzionala; Marta Mansilla, autorea, flautista eta 2025ean hautatua; Lucía Martínez, autorea, bateria eta 2015ean hautatua; eta Pere Pons, Jaç aldizkariko zuzendaria.

JazzEñe-ri buruz
JazzEñe SGAE Fundazioak bultzatutako ekimena da, helburu hauekin sortua: espainiar Estatuan egiten den Jazza nazioartean zabaltzea; bertako Jazz taldeek jaialdietan parte har dezaten sustatzea; SGAEko bazkideentzako nazioarteko birak promozionatzea, eta sektoreko profesionalen artean (artistak, managerrak, programatzaileak, jaialdietako zuzendariak, diskoetxeak, etab.) topaketak eta esperientzien eta ezagutzaren trukea bultzatzea.
2014an lehen edizioa Madrilen egin ondoren, programa Valentziara lekualdatu zen, eta Zaragoza eta Malagatik igaro zen. Orain, bere hamabigarren edizioan, Donostiako Jazzaldiaren baitan egingo da seigarren urtez jarraian. Jazzaldia, 61 edizio betetzen dituena aurten, Jazzaren gotorleku handienetako bat da Espainian, Europan eta munduko gainerako lekuetan.

Hasi zenetik, 90 talde inguruk parte hartu dute JazzEñen, eta 500 artistak baino gehiagok lortu dute nazioarteko agertokietan aritzea: Tokyo Jazz Festival (Chicuelo & Mezquida); Noche Blanca, Flamenco Biënale, Amsterdam eta Roterdamen (Antonio Lizana, Rycardo Moreno eta Pedro el Granaíno), Jazzahead! Bremenen (Trinidad Jiménez), JazzPlus Bulgarian eta Cankarjev dom Liublianan (Daniel García Trio), Jarasum Jazz Festival Korean (Sumrrá), Ankara CSO ADA Main Hall (Miron Rafajlovic), Jazz at Lincoln Center New Yorken (Daahoud Salim Quintet) eta Amersfoorteko Nazioarteko Jazzaldia...

Jardunaldi profesionalak
SGAE Fundazioaren helburu nagusietako bat da bazkideen nazioartekotzea sustatzea. Horregatik, JazzEñek Jazzaren mundu osoko jaialdi, azoka eta aretoetako programatzaileak ditu bere publikoaren artean, fundazioak berak gonbidatuta, Espainiako eszena bertatik bertara ezagutzeko.

Jardunaldian, profesional horiek goizeko topaketak egiten dituzte parte hartzen duten zortzi taldeekin, konexioak sortzeko, esperientziak partekatzeko eta nazioarteko agertokietan lankidetza akordioak, birak eta emanaldiak bultzatzeko. Ekimen horri esker, Espainiako bostehun artista baino gehiagok lortu dute herrialdetik kanpo aritzea.