Nire izena da Shin chan
2026 urriak 31 • 12:00
Hizkuntza: euskara - 120 minutu
Gonbidapenen erreserba: urriak 26 • 11:00
Crayon Shin chan, edo Shin chan —horrela deitzen zaio Mendebaldean—, manga bat eta komediako anime bat da. Telesaila 1992an hasi zen emititzen Japonian, eta gaur egun ere aktibo jarraitzen du, 1.300 atal baino gehiagorekin. Umore lotsagabeagatik ezaguna, ETB1i esker iritsi zen gure euskarazko telebistetara. Nekane Sarobe bikoiztaile gipuzkoar beteranoak 500 atal baino gehiagotan jarri zion ahotsa Sinnosuke Noharari, maitekiro Shin chan deitzen diotenari. Bost urteko mutiko bihurri, adeigabe eta lotsagabea da, eta Kasukabe hirian bizi da, Saitama prefekturan. Bere makulu-hitz eta txisteetako batzuk, eta pertsonaia batzuk, tartean bere ama, Misae, aita, Hiroshi, arreba Himawari eta txakurra Elur belaunaldi oso baten iruditeria herrikoiaren parte dira orain.
Yoshito Usui autorearena da manga. 2009an bat-batean hil zen, eta obra amaitu gabe utzi zuen. Animea, berriz, harrobia izan zen orain ospetsu bihurtutako zenbait errealizadorerentzat, besteak beste, Keiichi Hara, film hauen egileak: Summer Days with Coo (2007), Colorful (2010), Miss Hokusai (2015) eta Lonely Castle in the Mirror (2022) —azken bi hauek Astean proiektatu ziren—.
Animedonek Victoria Eugenian egingo duen saio nostalgiko berri honetan, Irati Errandonea kazetariak aurkeztuko duena, laurogeita hamarreko hamarkadan garatutako hiru atal proiektatuko dira, telesailaren animazioaren bilakaera hautemateko aukera emango dutenak. Gainera, halako pertsonaia bat bikoiztearen atzean dagoen lanaren berri izango dugu, Saroberen beraren eskutik.
