Jazzaldia Musika Jazzaldia

Pleito + El Gran RaJazzeñe

2026 uztailak 24 • 12:30

10 €

Victoria Eugenia Antzokia

Pleito

Alba Gil Aceytuno (saxo altua, ahotsa, perkusioa)

PLEITO Kanaria Handiko Alba Gil Aceytuno saxofonista eta konpositorearen bakarkako proiektua da, Kanarietako musika eszena berrian gailentzen hasitako ahotsetako bat. 2025eko azaroan loscoloresdelaspiedras argitaratu zuen, bere aurreneko lan diskografikoa Pleito goitizenez. Album honek etapa pertsonal berezi bat markatzen du bere ibilbidean, hainbat proiektutan parte hartu ondoren: Aguayro, Gran Canaria Big Band, Rupatrupa, Zumurrud...

Zuzenekoan, Alba Aceytunok proposamen intimoa eta esperimentala eraikitzen du, bere saxofoiak, ahotsak eta perkusio elementuak bakarrik lagunduta, loop eta efektuen erabilerarekin batera. Arnasketa zirkularra bezalako tekniken bitartez, trantzearen eta askapenaren artean dabilen soinu unibertso hipnotikoa hedatzen du, Jazz garaikidea, folka, elektronika, musika esperimentala eta autore kanta uztartuta.

PLEITOren errepertorioa introspekziotik sortua da, eta arlo pertsonalaren eta kolektiboaren arteko etengabeko elkarrizketa proposatzen du. Proiektuak Kanarietako folklorea berrinterpretatzen du ikuspegi garaikide batetik. Horretarako, melodia, testu eta elementu tradizionalak berreskuratzen ditu, uhartediaren identitate kulturalarekin lotura berriak ezartzeko.

El Gran Ra

Raúl Márquez (biolina), David Sancho (pianoa), Fran Gayo (bateria)

Raúl Márquez biolinista eta konpositoreak El Gran Ra aurkeztuko du. Proiektu hau zirkuaren iruditeriatik abiatzen da jatorrizko konposizioen errepertorioari forma emateko. Madrilgo Circo Price antzokirako artistak egindako jatorrizko soinu-bandetatik sortu da ikuskizuna, zirkuaren artea eta honek berrasmatzeko duen gaitasuna omentzeko.

Pieza bakoitza zirkuko artista batean eta haren unibertso sortzailean inspiratuta dago, Pinito del Oro trapezista zoragarritik hasi eta Charlie Rivel pailazo ahaztezineraino, Othman akrobata paregabetik edo Daja Tarto fakirretik igarota. Zirkuaren historian arrastoa utzi duten mitoak guztiak.

Proiektu honek profil osagarriak dituzten bi musikari bikain ditu: lengoaia ireki eta garaikide batez adierazten den David Sancho pianoan, eta, soinu dinamiko eta adierazkorra eraikitzen lagunduz, moldakortasun erritmiko handiko Fran Gayo baterian.

Emaitza hauxe da, narratiba, ebokazioa eta interpretaziorako askatasuna uztartzen dituen proposamena, etengabe mugitzen doan soinu-unibertso honen erdigunean biolina nabarmenduta.

Raúl Márquez interpretea, estudioko musikaria eta sortzailea da aldi berean, eta ekarpenak eta konposizioak egiten dizkie dantza konpainia ospetsuei —Sara Baras, Manuel Liñán, Antonio Canales, Joaquín Cortés eta Nuevo Ballet Español, besteak beste— eta bakarlari handiei —Zenet, Jorge Pardo, Joaquín Ruiz, El Cigala, Pasión Vega eta beste hainbat—. Izan ere, munduko nazioarteko agertoki ospetsuenetan ibilia da haiekin.