Jazzaldiak 60 urte sasoi betean
Jazzaldiak arrakasta handia izan du 2025ean, eta berriz ere, erakutsi du Europako jazz jaialdirik garrantzitsuenetako eta sendoenetako bat dela. Bertaratze masiboa izan da, nahiz eta eguraldiak uneka lagundu ez. Guztira, 179.180 pertsona bertaratu dira eta maila handiko programazioaz gozatu ahal izan dute espazio enblematikoetan. Kultur eskaintza paregabea eta kalitate handikoa izan da aurtengoa.

Doako 52 kontzertuek 158.700 lagun bildu dituzte eta ordainpekoek 20.480. Sarrerak 40 herrialdetatik erosi dira: Espainia, Frantzia, Estatu Batuak, Alemania, Herbehereak, Suitza, Portugal, Erresuma Batua, Australia, Irlanda, Hungaria... 17 kontzertutan agortu dira eserlekuak, zenbakitutako sarrera guztien % 99,03 saldu da. "Sold out" kartela jarri dugu Trinitate Plazako 4 kontzertuetan, Kutxabank Kursaal Auditorioko 5 kontzertuetatik 3tan, Škoda San Telmo Museoko 5 kontzertuetatik 3tan, FCC Victoria Eugenia Antzokiko 5 kontzertuetan, Chillida Lekuko Zabalaga baserrian izan ziren bi kontzertuetako batean eta María Cristina Hotelean egin zen ekitaldian.
Aurtengo edizioaren kalitate musikala bikaina izan da, artista handiak, bertako eta nazioarteko izarrak, hasten ari diren musikariak eta aniztasun estilistiko izugarria... Jazzaldiaren historia luzean geratuko diren une gogoangarriak: Kurt Ellingen ahots paregabea, Dee Dee Bridgewaterren magnetismoa eta sentimendua, hiru kontzertu eskaini zituen Marc Ribot handiaren gitarra-erregistro barietatea, Holland eta Potterren perfekzio musikala, Yerai Cortesen pasioa eta “duendea”, Jamie Cullumen freskotasuna eta sinpatia kutsakorra, The Beach Boys taldearen abesti arrakastatsuen errepertorio paregabea Mike Love buru zutela, Anariren intentsitate poetikoa, Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen Bill Bruford bateria-jotzailearen maisutasuna, Minyo Crusadersen benetakotasun dibertigarria, Bulegoren arrakasta adin guztietako zaletuetan Keler Gunean…
Jaialdiak publikoaren erantzuna nabarmendu eta eskertu du, kontzertu guztietara masiboki joateaz gain, aurten ere portaera bikainarekin eta inolako gorabeherarik gabe joan delako. Jazzaldian, hiria musikaz eta jazzez bete da, jai eta ospakizun giroz.
Trinitate Plaza
Steve Coleman & Five Elementsekin hasi ziren Triniko kontzertuak. Kurt Ellingek itxi zuen gaua, bere ahots ikusgarriarekin, The Yellowjackets taldearekin batera, Weather Report omenduz, edizio honetako kontzertu onenetako bat.
Uztailaren 25ean, ostirala, Marc Ribot Hurry Red Telephonek inprobisazioan oinarritutako gitarra-kontzertu errepikaezina eskaini zuen. Dee Dee Bridgewaterrek Donostiako Jazzaldia saria jaso zuen bere ibilbide osoagatik, eta jazzeko ahotsik onenetakoa izaten jarraitzen duela erakutsi zuen.
Uztailaren 26an, Brad Mehldauk teknikoki perfektua, delikatua eta bikaina, lehen akordetik erakarri zuen publikoa. Ondoren, Dave Holland eta Chris Potterrek Kismet proiektua eskaini zuten, Potter saxoan gorena eta Holland bikain kontrabaxuan.
Uztailaren 27an, azken egunean, Chicuelo – Mezquida Del alma, gitarra eta pianoa maisuki elkartuz aritu ziren. Trinitate plazako kontzertuei amaiera hunkigarria eman zitzaien, Paco de Luciaren omenaldian, Josemi Carmona, Chano Domínguez, Duquende eta Antonio Lizana bikaina bezalako izar handiekin osatutako festa flamenkoan.
Kutxabank Kursaal Auditorioa
Maila handiko 5 kontzertu izan dira Kursaalen. Lehenengo egunean, Jamie Cullum su eta kartsuak entzuleak bereganatu zituen ikuskizun bikain bati esker. Uztailaren 23an, The Beach Boys arduratu zen gu iraganera eramateaz bere "hit" handiekin. 24an Yerai Cortesen gitarrarek liluratu gintuen 6 txalo-jotzaile eta kantari harrigarriz lagunduta. 25ean, banda bikainaz inguratuta, Hermeto Pascoal "Bruxoak" bere magia egin zuen. Bertan behera utzi zuen Nala Sinephrok uztailaren 26ko kontzertua, osasun arazoengatik. Eta, amaitzeko, uztailaren 27an, Oscar Petersonen musikaz gozatu ahal izan genuen, jaio zenetik 100 urte bete direla ospatzeko kontzertu batean.
FCC Victoria Eugenia Antzokia
FCC Victoria Eugenia Antzokiak JazzEñe jaialdiaren hamaikagarren edizioa hartu du. Bosgarren urtez jarraian egin da, Jazzaldiaren baitan, eta egunero jarri dute "sold out" kartela. Kalitate handiko 8 musika proposamenez gozatu ahal izan dugu: J. Fox, Juanfe Pérez, Maite Akustik Quintet, Román Filiú, EME EME Project, El Cuarteto Federal, Pere Bujosa Trío eta Daniel Román Jazz Quintet.
Uztailaren 27an, sarrerak agortu zituen Marc Ribotek Donostiako Jazzaldia Saria jaso zuen Miguel Martinen eskutik eta, ondoren, Ceramic Dog taldearekin edizio honetako bere hirugarren eta azken kontzertua eskaini zigun. Jazzeko gitarra-jotzaile gisa perfekzioa existituko balitz, Ribot oso gertu egongo litzateke.
Keler Gunea
Zurriola hondartzako Keler Gunea izan da berriro agertokirik jendetsuena (110,000). Bertan, uztailaren 23tik 26ra bitartean bi kontzertuz gozatu ahal izan dugu egunero.
Uztailaren 23an, Jamie Cullumek Keler Gunea inauguratu zuen eta milaka pertsona etorri ziren kontzertuaz disfrutatzera. Ondoren, 23:30ean, The War and Treaty taldearen txanda izan zen; Tanya eta Michael Trotter-ek, banda handi batek lagunduta, aho zabalik utzi zituzten entzuleak beren ahots indartsu eta presentzia eszeniko ikaragarriarekin.
Uztailaren 24an Anarik euskal musikako kantautore handienetako bat dela erakutsi zuen. Ondoren, EXTC izan genuen 90eko hamarkadako errepertorio ezagunarekin.
Uztailaren 25a Judith Hillekin hasi zen, bere ahots sinestezin eta gitarra boteretsuarekin. Cristal Murrayk eskaini zigun gaueko bigarren kontzertua, mundu guztia dantzan jarri zuena.
26an Bulegok 32.000 lagun bildu zituen, belaunaldi ezberdinak elkartu zituen kontzertuan euren kantu itsaskorrak abestu eta dantzatzeko. Keler Guneko kontzertuei amaiera emateko, Sidonie kataluniarrek berriro ere beren espazioa aldarrikatu zuten indie espainiarraren gorenean.
Škoda San Telmo Museoa
San Telmo Museoko klaustroko goizeko bost kontzertuak, aurten ere, oso aukera berezia izan dira musikari handiak gertutik ikusteko eta entzuteko, bakea eta lasaitasuna transmititzen duen espazio batean.
Lehen hiru kontzertuak piano-jotzaile bakarlari handiekin izan ziren: Baptiste Trotignon uztailaren 23an, Bojan Z 24an eta Pierre de Bethmann 25ean. Hilaren 26an, Marc Ribotek erakutsi zigun gitarra akustikoa ere menderatzen duela eta bikaina izateko gai dela erregistro leunetan eta tentsio txikiagokoetan. Kirk Knuffke Quartetek itxi zituen Škoda San Telmo Museoko kontzertuak, uztailaren 27an, bere tronpetaren soinu distiratsuarekin, tuba, baxu eta bateria batez lagunduta.
Frigo Gunea, Fnac Gunea, Nauticool eta Chillida Leku
Terrazak eta espazio irekiak berriro ere topagune izan ziren bertako eta nazioarteko artisten doako kontzertuez gozatu zuten milaka lagunentzat.
Milaka lagun izan dira Frigo Guneko eta Fnac Guneko terrazetako doako kontzertuetan (37.250). Programazio anitzarekin, tokiko taldeak igo dira agertokietara: Thomas Camille, Biper Swing, Ura Duo, Suite Seda, Eneko Dieguez Quartet, Alma Seben, Velasquartet, Femmm and Band, Soul Cream, La Quinta Planta, Los Diversos, Itziar Yagüe & Paul San Martín, Arima Soull System... Nazioarteko eta estatuko izen handiak ere izan ziren han: Naïssam Jalal, Pete Roth Trio featuring Bill Bruford, Patax, Minyo Crusaders, The Amy Winehose Band, Jessie Gordon Quintet, Pianoforte, JazzyBit…
Kontxako badiaren ertzean dagoen espazio pribilegiatua da Nautikoa, eta dantzara hurbiltzen zen jendearekin ere bete izan da egunero, bertan aritu diren Dj-en 15 proposamenetako bat entzuteko: Arima Soul Sistem, Rosco, Beltza Weekend Djs, Roberto Tortuga, Lidiuska...
Jazzaldiak 6 kontzertu eman ditu Chillida Leku museoan, musika eta artea uztartzen dituen ingurune paregabean. Aire zabalean, museoko lorategi ederretan: Bascolombia, Oreka TX eta Phonoclórica elkartuz, Iñaki Salvador eta Marco Mezquida kolonbiarren arteko lotura eta Txikijazz taldearen bi kontzertu. Zabalaga baserri ikusgarrian beste bi kontzertu: Lew Tabackin Quartet eta Jordina Millá & Barry Guy.
Txikijazz
Jazzaldian ezinbesteko hitzordua dela erakutsi du Txikijazzak, familiarteko giroan musikara hurbiltzen diren haurrei eskainitako zikloa. Bost kontzertu izan dira hiru agertokitan, eta horietan ere tailerrak eskaini dira: Kutxa Fundazioa Tabakalera Plazan, Chillida Lekun eta Fnac Gunean.
Aurten ere antolatzaileek egindako bertaratze aurreikuspenak gainditu egin dira, batez ere azken egunean Fnac Gunean, non The Amy Winehouse Bandek kontzertu zoragarri bat eskaini baitzuen eta entzule guztiak dantzan jarri zituen giro bikaina sortuz. Arima Soul, uztailaren 26an, bere "euskal soul" bizienarekin hasi aurretik Chillida Lekun bota zuen euria ahaztarazi zigun. Aipagarriak dira, halaber, Old School Funky Family talde dibertigarriaren kontzertuak, Irati Bilbaorenak eta Claire Martinenak, beren ahots bikainekin. Kontzertuekin batera, 13 Txikijazz jaialdiak oso harrera ona izan zuten tailerrak eskaini zituen.
Txikijazzaren antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartzaile guztiei jarrera paregabea izanagatik eta musikarekiko errespetuagatik. Izan ere, beraie esker Txikijazzaren edizio onenetakoa bizi izan dugula esan daiteke. Arrakasta horrek bultzatuta, 2026ko 14 Txikijazz prestatzen hasiko gara, ilusiorik handienarekin.
Jazzaldia. Irudi bidaia
Uztailaren 11n inauguratu zen, San Telmo Museoan, Lolo Vascok komisaritatutako erakusketa Jazzaldiaren 60. edizioa ospatzeko. Lolo Vascok 26 urte daramatza Jazzaldiaren argazkilari ofiziala izaten. 211 argazki, emozioz eta oroitzapenez betetako bidaia bisual batetik garamatzatenak. Erakusketa, doakoa, irailaren 28ra arte egongo da zabalik.
Sare sozialak
Sare sozialetan 50.145 jarraitzaile ditugu.
Web gunea
WEB (www.jazzaldia.eus)
Azken 30 egun:
-57.392 erabiltzaile
-514.329 bisitari
-1.350.365 ebento
-2´19″ batez besteko interakzio-denbora
Azken 12 hilabeteak:
-109.734 erabiltzaile
-874.839 bisitari
-2.239.548 ebento
-2´06″ batez besteko interakzio-denbora
61 Jazzaldia (2026)
Dagoeneko lanean ari gara Donostiako Jazzaldiaren 2026ko edizioan, uztailaren 22tik 26ra bitartean egingo den hirurogeita batgarren jaialdian.