“Animedon. Donostiako Anime Topaketa”ren bigarren edizioa
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Asteak, Animedon. Donostiako Anime Topaketa sailaren barruan, hainbat jarduera antolatu ditu urriaren 31tik azaroaren 8ra bitartean japoniar animazioaren zaleentzat.

Oraingo honetan, sailaren programazioan estreinaldiko hiru film luze, Doraemonen egileei egindako omenaldia, bi erakusketa, euskarazko manga aurkezpenak, eta One Piece egungo serieko bikoizleen arteko elkarrizketa izango dira.
Iaz Akira Toriyamarekin egin zen bezala, Animedonek omenaldia egingo dio Fujiko Fujiori, mangakari. Toriyama lan enblematikoen egilea da, genero hauei atxikiak: kodomo —haurrei zuzendutako komiki eta animea— eta shonen —aurrenerabeei eta nerabeei zuzendua—, tartean Doraemon, bere lanik ezagunena eta Japoniako pop kulturaren ikono bihurtua, Kiteretsu Daihyakka —Euskadin Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarra izenburuarekin ezaguna egin zena— eta Hattori Ninja. Fujiko Fujio bikote baten izen artistikoa da, biak komikien egileak: Hiroshi Fujimoto (1933-1996) eta Motoo Abiko (1934-2022). Berrogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi ziren argitaratzen, eta ia 40 urtez berrogeita hamar serie baino gehiago sinatu zituzten elkarrekin. Horietako asko, gainera, animera moldatu ziren.
Fujiko Fujioren lana hiru serie horien bertsio bizidunari esker eman zen ezagutzera Euskal Herrian. EiTBren lehen kanalean eman ziren euskaraz hainbat urtez. Mangaka hauei omenaldia egiteko, Animedonek Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak jarduera antolatu du, azaroaren 1ean, 12:00etan, Victoria Eugenian. Saio horretan honako hauek proiektatuko dira: 1979ko Doraemon seriearen lehen atala, 1.000 atal baino gehiago izan zituena; Doraemonen jaiotza (1995) atal berezia eta gutxitan ikusia, denboran zehar bidaiatzen duen katu kosmikoaren sorkuntza kontatzen duena; Hattori Ninjaren (1981) lehen atala; eta Kiteretsu, Nobitaren lehengusu azkarraren (1988) lehen atala. Sarrera doan, gonbidapenak Victoria Eugeniako leihatilan edo Donostia Kulturaren webgunean eskuratu ahal izango dira urriaren 27tik aurrera, 11:30ean.
Aurten hiru estreinaldi eskainiko dira, bi Euskal Herrian eta beste bat estatu mailan: The Last Blossom (2025), All You Need Is Kill (2025) eta Make a Girl (2025).
Jarduera paraleloetako batzuk FNACeko aurkezpen-gunean egingo dira. Iaz bezala, Harriet argitaletxeko Mikel Murok bere zigilu Kabe-ren —manga euskaraz argitaratzen lehena— 2025-2026 aldirako nobedadeak aurkeztuko ditu. Aurkezpena urriaren 23an izango da, 19:00etan. Bi egun geroago, leku berean, baina 12:00etan, Luffy eta Luffy, bi ahots, bi belaunaldi hitzaldia emango da, egungo anime fenomenoetako baten inguruan: One Piece seriea. Xabier Alkiza —istorio honetako protagonistaren euskarazko bertsioari ahotsa jarri ziona orain Primeran-en ikusgai dagoen serie bizidunean— eta Jon Samaniego —pertsonaia berari ahotsa jartzen diona One Pieceren akziozko bertsio errealean, Netflixek ekoitzia eta 2023an plataformako telesail ikusienetakoa— izango dira hitzaldian parte hartzen.
Bestetik, euskarazko rol-jokoek ere lekua izango dute programazioan, Animerrola ekimenaren bidez, honako hauen lankidetzarekin: Astea, Rolariak kolektiboa, Egiako Ebla liburu-denda eta Donostia Kultura. Azaroaren 7an Egia Kultur Etxean eta azaroaren 8an Ebla liburu-dendan lau partida garatuko dira, besteak beste, Death Note eta Dragoi Bola serieetan oinarrituak.
Animedonek bi erakusketa ditu aurten. Batetik, Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan, irailaren erdialdetik azaroaren 7ra arte Okendo Kultur Etxean ikusgai, eta azaroaren 1ean bere komisarioen bisita gidatua izango duena. Egun bat lehenago, Liburutegi Nagusian, Euskadi Fantastikoa 21 – María Jiménez & Letucse: Manga eta ilustrazioa erakusketa inauguratuko da.
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen hasiera animatzeko, azaroaren 1ean, 17:30etik 20:30era, Donostiako Bulebarren Animedon plazan: Dragon-con ospatuko da, dragoien tradizio asiarra ardatz hartuta. Dragoiak sortzeko tailerrak, izaki fantastiko bihurtzeko makillaje-guneak, ihes-kutxak eta photocall bat egongo dira. Gainera, Pijamamanek animatuko du saioa Fuyur Espresaren muntatuta.