Beldurrezko Zinemaren 36. Astea urriaren 31tik azaroaren 7ra bitartean izango da
Urriaren 31n, ostirala, Gaua (2025) euskal ekoizpenak, Paul Urkijo Alijok zuzenduak, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 36. Astea inauguratuko du Kursaalen. Johannes Robertsen Primate (2025) film estatubatuarrak itxiko du Antzoki Zaharrean azaroaren 7an.

Bi egun horien artean, urteko fantasiazko zinemako film onenen hautaketa bat proiektatuko da, film luzeak eta laburrak, eta hainbat jarduera paralelo egingo dira. Euskal ekoizpeneko beste bi film luze programatuko dira: Antonio Muñoz de Mesak zuzendutako Santa Zeta (2025) estreinatuko da Euskadin, eta euskarazko bertsioan Decorado (2025) proiektatuko da, Alberto Vázquezen animazioko filma.
Besteak beste, Luc Bessonen Dracula: A Love Tale (2025), Stephen Kingen nobela homonimoan oinarritutako The Long Walk (2025), A Useful Ghost (2025) Thailandiako ekoizpen harrigarria, eta Eduardo Casanovak zuzendutako Silencio (2025) banpiroen miniseriea ikusi ahal izango dira egun horietan Antzoki Zaharrean. Aurten 30 film luze, 36 film labur eta telebistako 4 kapitulu proiektatuko dira guztira.
Iaz abian jarri ondoren, Animedonen bigarren edizioa, animazioko zinema japoniarrari eskainitako sail paraleloa, Victoria Eugenia Antzokira itzuliko da aurten ere; bertan garatuko da bere programazioaren zatirik handiena. Hiru film luze proiektatuko dira, baita familiei zuzendutako saio bat eskaini ere: Gora eta gora beti, Doraemon eta lagunak. Fujiko Fujiori omenaldia, Doraemon, Hattori Ninja eta Kiteretsuren sortzailea omentzeko hiru serieen kapitulu historikoak proiektatuta.
Gainera, Animedonek bi erakusketa izango ditu aurten —Cinegēmu: Fantasia eta beldurra Japoniako bideo-jokoan eta Euskadi Fantastikoa 21: María Jiménez & Letucse—, tailerrak eta topaketak Donostiako FNACen eta Medialaben (Tabakalera), eta familiei zuzendutako kaleko jarduera tradizionala larunbat arratsaldean Boulevarden (Dragon-con).
Antzoki Zaharra izango da zinemaldi honen egoitza nagusia, eta bertan osorik proiektatuko da Asteko film luzeen sail ofiziala, 22 filmek osatua. Victoria Eugenia Antzokian Animedonen zinema-saioak eta EITBk babestutako euskal film laburren maratoia programatuko dira.
Aurten bi saio programatuko dira Tabakaleran: Eraserhead (1977), David Lynchek zuzendutako lehen film luzea —bere irudi ikonikoak aurtengo Asteko kartel ofiziala omentzen du— eta La torre de los siete jorobados (1944), Edgar Nevilleren Espainiako fantasiazko zinemaren klasikoa, Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan.
Bestalde, urriaren 25ean, Bang! Bang!-ek bere ohiko saio bikoitza aurkeztuko du Antzoki Zaharrean, Astearekin lankidetzan. Astearen urteko programazioari hasiera emango dio, eta Big Trouble in Little China (1986) eta The Lost Boys (1987) ikusi ahal izango dira bertan.
Aipatutakoez gain, beste bi erakusketa izango dira urteko programazioan: Fernando Vicente: Beldurrezko zinemaren mitoak, Udal Liburutegiko ekitaldi-aretoan (San Jeronimo) eta Mexicráneos kale-erakusketa, joan den urriaren 1etik Ramon Labayen plazan ikusgai.
Beste jarduera batzuk ere ageri dira programan: Fanzineen Gerra klasikoaren 10. edizioa, eta hainbat hitzaldi eta topaketa.
SARREREN ETA ABONUEN SALMENTA
Urriaren 23an 09:00ean jarriko dira salgai abonuak Antzoki Zaharreko leihatilan. Urriaren 27an 11:30ean jarriko dira salgai sarrera solteak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Donostia Kultura webgunean. Inauguraziorako sarrerak Kursaaleko leihatilan eta bere webgunean ere salduko dira.