Donostiako Arte Eszenikoen Feriak, dFERIAk, definituta du jada 2026ko kartela. Mai Egurza ilustratzaile irundarrarena da ilustrazioa. Orain dela gutxi zendu da Mai eta, hori dela eta, sortze-prozesua Raquel Ródenas ilustratzaile eta lagunak osatu du. Bada, gainera, 2026ko dFERIAren kartelak artista gipuzkoarra bihotzez omentzeko balio du. Haren heriotza deitoratzen dugu.

2025.11.25

dFERIA 2026 Albistea

2026ko martxoaren 14tik 18ra egingo da dFERIA. Danimarka izango da herrialde gonbidatua; beraz, herrialde horretako arte eszenikoen ordezkari ugari izango ditugu gurean. 

2026ko dFERIAren irudia. Mai Egurza, Raquel Ródenas

2026ko dFERIAren irudia Mai Egurza joan den urriaren 4an zendu zen ilustratzaile irundarrarena da. dFERIA ekainean jarri zen harremanetan harekin eta uztailean jada bagenuen artistaren lehen zirriborroa; lan hori zuen esku artean bat-batean zendu zenean. Egurzaren familiarekin harremanetan jarri eta Maik hasi zuen obra amaitzea adostu genuen.

Horrela, kartela Egurzak berak eta haren lagun eta ilustratzaile Raquel Ródenasek egindako lana da. Ródenasek Egurzaren hasierako zirriborroa oinarri hartuta amaitu zuen lana. "Ondarea da pertsonek mundutik igarotzean uzten dutena, beraien aztarnak; hots, munduari egiten dioten ekarpena, kasu honetan, kulturaren munduari. Hori irudikatzen du ilustrazioak: enkoadraketatik irteten diren eta harean oinatzak uzten dituzten zenbait (askotariko) pertsonaren markak". Hitz horiekin adierazi zuen Egurzak bere sorkuntzaren zentzua eta horretarako inspirazioa. Erabat ados gaude berarekin.

Kartelak gorazarre egiten dio ilustratzaileari, gainera; izan ere, bera irudiko pertsonaietako batean irudikatuta dago. Kartelak, bada, bihotzez omendu nahi du artista gipuzkoar gaztea.

dFERIA 2026ko leloa: LEGATUA

Legatua da, Rebeca Fernández Románen Legado. Antología Benéfica liburua aipatuz, arimaren ondoriotasun moduko bat. Atzera begiratzea ez nostalgiaz, benetako gosez baizik. Begiratzea ahots isilduak, zauri irekiak, oroimen ezaren lainoan gidatzen jarraitzen duten argiak ekarrita. Ekitaldi eszeniko bakoitza oroimenaren ekintza bat delako. Eta ahanzturan erortzen utzi behar ez genukeen hori aukeratzea delako gogoratzea.

dFERIAn, dena gertatu dela dirudienean geratzen den hori da legatu terminoa. Ez zerbait geldoa, lokartua, denboraren apalean hautseztatua. Baizik eta zerbait organikoa, taupaka aritzen dena, gure artean eta gure bitartez mugitzen dena. Egon zirenen instant bat, etorriko direnentzako promesa bat. Itzaltzen ez den sugarra, eskuz aldatu arren ariman dirauena.