Errobi (Anje Duhalde eta Mixel Ducau) euskal folk-rock bikoteak jasoko du 2024ko Adarra Saria, Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren eskutik. Ekainaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du saria eta segidan kontzertua eskainiko du. Kontzerturako sarrerak ostegunean, apirilak 11, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean.

2024.04.10

Amaia Ispizua musika sustatzaileak, Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio eta Irudi zuzendariak eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika teknikariak osatutako Aholku Batzordearen proposamenez jasoko du Errobik 2024ko Adarra Saria.

Errobik ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du kolaboratzaile talde zabalaz lagunduta.

Kontzerturako sarrerak ostegunean, apirilak 11, jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, 20 eurotan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.

Batzordearen argudioa

Batzordearen arabera, “Errobi taldea erabakigarria izan zen rock progresiboa eta psikodelia Euskal Musikan barneratzeko. 1973tik 1985era arte, Anje Duhalde eta Mixel Ducau buru zituen laukotea euskal musikaren abangoardian jarri zen, eta Euskal Herrian goraipamen gehien jasotako diskoetako bat ekoitzi zuen: Ametsaren Bidea. Zubi bat eraiki zuten belaunaldien artean, eta sortu zituzten abestietako asko gehitu dira herri ondarean”.

Errobiren adierazpenak

Adarra Sariaren harira, adierazpenok egin ditu musika taldeak: “Esker onez eta ohore handiz hartzen dugu duela mende erdi hasi eta hazi genuen lana edota uzta saritzen duen ezaugarri dotore hau. Milesker Donostia udalerriko Kultur sailari gutaz gogoraturik. Gora zuek, gora musika eta gora gure euskara!”.

11 urteko ibilbidea

Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati, urtero, omen egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak, Amaia Zubiriak, Joseba Tapiak eta Zea Mays taldeak jaso dute Adarra Saria.