2025eko Poesia Orduak irailaren 8an eta 10ean Victoria Eugenia Cluben
Donostia Kultura eta Euskal Idazleen Elkartea dira urtero irailean egin ohi diren Poesia Orduak errezitalen antolatzaileak. Aurten ere bi antolatu dira, Victoria Eugenia Cluben, iluntzeko 19:00etan. Hilaren 8an, Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa (Jon Martin Etxebeste) eta hilaren 10ean, Itzalen tektonika (Itxaro Borda).

Gonbidapenak saio bakoitzaren egunean bertan goizeko 11:30etik aurrera eskuragai egongo dira webgune honetan eta Victoria Eugeniako leihatilan. Kartela Maite Mutuberria ilustratzaileak egin du.
Lurdes Iriondo, isilarazitako ahotsa saioan Irati Odriozola Zugarramurdi eta Ainhoa Ansa Zugarramurdi kantariekin batera arituko da Jon Martin Etxebeste. Martin Lourdes Iriondo, Isilarasitako ahotsa (2024) liburuaren egilea da, eta egun horretan, testu irakurketa eta azalpenak emango ditu. Izan ere, abeslari urnietarra euskal kantagintzaren erreferente izan arren, ez da behar beste ezagutzen. Hau guztia omenaldi gisa, abeslaria hil zela 20 urte betetzen direnean.
Itzalen tektonika emanaldia, aldiz, izen bereko poesia liburutik abiatzen da, Susa argitaletxeak 2024an argitaratu zuena. Bilduma horretako poemak hartuta ikuskizun bat osatu dute Itxaro Bordak eta Joseba Irazoki musikariak. Bertan, hamalau edo hamabost testu inguru aurkeztuko dituzte elkarrekin, gaiak, erritmoak eta giroak proposatuz.
Poesia orduak Euskal Jaiak programan txertatzen da (aurten irailaren 3tik 14ra dira egitekoak). Tradizio handia dute jai hauek Euskal Herrian, hainbat lekutan ospatu izan dira eta Donostiaren kasuan gainera jarraipena izan dute. Hor ditugu estropadak, Sagardo Eguna, euskal dantzak, herri-kirolak, eta abar. Euskal kulturak ere bere espazioa izan du Euskal Jaietan, eta Poesia Ordua saioek leku hori betetzen dute.