Anggie Obin
Anggie Obin (zeharkako flauta), Gorka Benitez (zeharkako flauta, saxo tenorra), Masa Kamaguchi (kontrabaxua), Diego Hervalejo (pianoa), Estefania Chamorro (bateria)
Anggie Obin flautista panamarra da boskote berezi honetako liderra. Sormena, elkarrekintza eta Jazz abangoardista eta latinoarekiko pasio partekatua dira taldearen proposamenaren oinarria. Era berean, “American songbook”-en moldaketek ere osatzen dute bere errepertorioa.
Jazz modernoaren arloan trebatua, bere ibilbidean Obinek interpretazioa eta sorkuntza uztartzen ditu, egungo lengoaia batez baliatuta, zeharkako flautak testuinguru inprobisatuetan ematen dituen aukerak esploratzeko.
Oraingoan, Anggie Obinek egungo eszenako musikari nabarmenekin partekatuko du agertokia, besteak beste, Gorka Benitez, Massa Kamaguchi, Estefanía Chamorro eta Diego Hervalejorekin. Espainian bizi diren talenturik onenetako batzuek osatutako taldea.
Noa Lur: Multipolar
Noa Lur (ahotsa), Tony Pereyra (gitarra), David Sancho (pianoa, teklatua), Ander García (baxu elektrikoa), David Fernández (bateria)
Euskadi eta Bartzelona artean trebatua, Noa Lurrek ibilbide irmoa egin du Jazzaren eszenan, eta interprete, konpositore eta ekoizle lanak uztartu ditu. Bere ibilbidean zehar, Bobby McFerrin eta Macy Gray artisten teloneroa izan da. Gainera, hainbat sari jaso ditu, besteak beste, BBK Jazz saria bere ekoizpen lanagatik eta Musika Bulegoa saria GAUR proiektuagatik.
Artista bilbotarrak Multipolar (2025) aurkeztuko du, bere seigarren lan diskografikoa, anbiziotsuena orain arte egin duen ibilbidean. Kritikaren harrera ona jaso duen album honek nazioarteko talde bat bildu eta sonoritate eklektikoa proposatzen du, Jazzetik abiatuta beste lengoaia batzuetara zabalduz, rocka eta groovea, tartean.
Multipolarek ibilbide bat trazatzen du giza emozioetan barrena, identitate pertsonala osatzen duten alderdien aniztasuna islatzeko. Bere konposizioen bidez, osasun mentala, amatasuna, musika sektorearen baldintzak edo idoloen eraikuntza eta erorketa bezalako gaiak jorratzen ditu artistak.