Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 37. Astean Animedon – Donostiako Anime Topaketaren hirugarren edizioa izango da urriaren 26tik azaroaren 6ra.

2026.10.20

Estreinaldiko hiru film, omenaldi bat Shin chani —euskarazko telesailaren lehen emanaldiaren 25. urteurrena da aurten—, japoniar folklorearen naturaz gaindiko yōkai espirituei eskainitako erakusketa bat, eta Eneko Garcia/Albina Stardust eta Danel Galdaera/Divina Comediaren eskutik, euskarazko zuzeneko podcast bat hartuko ditu programazioak.

Akira Toriyamaren Dragoi Bolarekin, eta Doraemonen egile Fujiko Fujioren lan sorta batekin egin zen bezala, Victoria Eugenian, urriaren 31n, 12:00etan, omenaldia egingo zaio animeko haur bihurrienari: Shin chan. Izan ere, azaroaren 26an, 25 urte beteko dira lehen aldiz telebistan euskaraz eman zirenetik eskolaurreko ikasle honen purrustada dibertigarriak.

Crayon Shin chan, edo Shin chan —horrela deitzen zaio Mendebaldean—, manga bat eta komediako anime bat da. Telesaila 1992an hasi zen emititzen Japonian, eta gaur egun ere aktibo jarraitzen du, 1.300 atal baino gehiagorekin. Umore lotsagabeagatik ezaguna, ETB1i esker iritsi zen gure euskarazko telebistetara. Nekane Sarobe bikoiztaile gipuzkoar beteranoak 500 atal baino gehiagotan jarri zion ahotsa Sinnosuke Noharari, maitekiro Shin chan deitzen diotenari. Bost urteko mutiko bihurri, adeigabe eta lotsagabea da, eta Kasukabe hirian bizi da, Saitama prefekturan. Bere makulu-hitz eta txisteetako batzuk, eta pertsonaia batzuk, tartean bere ama, Misae, aita, Hiroshi, arreba Himawari eta txakurra Elur belaunaldi oso baten iruditeria herrikoiaren parte dira orain.

Animedonek Victoria Eugenian egingo duen saio nostalgiko berri honetan, Irati Errandonea kazetariak aurkeztuko duena, laurogeita hamarreko hamarkadan garatutako hiru atal proiektatuko dira, telesailaren animazioaren bilakaera hautemateko aukera emango dutenak. Gainera, halako pertsonaia bat bikoiztearen atzean dagoen lanaren berri izango dugu, Saroberen beraren eskutik.

Sarrera doakoa izango da. Gonbidapenak urriaren 26tik, 11:00etatik aurrera eskuragarri egongo dira Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta Donostia Kulturaren webgunean.

Animedonek japoniar tradizio bizidunaren dibulgazioa du helburu, Harri X. Fernández kazetariak komisariatzen du, eta Fundación Japón, EITB eta Luk Internacional ditu kolaboratzaile.

Emakumeen energiaz betetako estreinaldiak eta Guernicari keinua

Victoria Eugenian, Euskadin estreinatzen diren hiru film luze proiektatuko dira urriaren 30etik azaroaren 1era bitartean. Sekzio hau hilaren 30ean, ostirala, inauguratuko da Yukihiro Miyamoto eta Akiyuki Shinboren Puella Magi Madoka Magica. La noche de Walpurgis. El ascensorekin (2026): Puella Magi Madoka Magica (2011) anime sailari amaiera ematen dion tetralogiaren laugarren filma. Kultuko obra honek magical girls azpigeneroa irauli zuen, kutsu helduagoa eta etsigarriagoa ematean. Jatorrizko telesailean, Madoka, protagonista, neska magiko bat zen, eta sorgin batzuei aurre egin behar zien, zeregin horrek oinaze eta sufrimendu handia zekarrela konturatu aurretik. Laugarren film hau telesailaren unibertsoaren berreraikuntzatik abiatzen da, non Madoka ikasle arrunt bat bezala bizi den, gerrari gisa izandako iragana gogoratu gabe.

Balio handiko emakume gazteen istorioekin jarraituz, Grotesqqque (2026), Atsushi Nishigorik idatzi eta zuzendua, fantasiazko eta zientzia fikzioko hiru istorio independentez osatutako film antologikoa da, hauek dituena protagonista: borondate oneko emakume estralurtar bat, lurrean enbaxadore lanak egiten dituena; emakume marjinatu bat, Battle Royale motako bideo-joko zorabiagarri eta bortitz batean barneratzen dena; eta odol garbiko emakume banpiro bat, gizadia desagertu den mundu suntsitu batean barrena mugitzen dena. Filma azaroaren 1ean estreinatuko da Victoria Eugenian, Japoniako zinema-areto komertzialetara iritsi baino bost egun lehenago.

Egun bat lehenago, urriaren 31n, Goro Kujiren Peleliu – Guernica of paradise (2025) erakutsiko da. Benetako oinarri historiko batekin, filmak Peleliu uhartean, Ozeano Barean, gertatu zen bataila irudikatzen du, 10.000 borrokalari japoniar 50.000 tropa estatubatuarren aurka jarri zituena. Kazuyoshi Takedak idatzi eta marraztutako manga homonimoa moldatzen du obrak, eta komikian edo anime komikoan ohikoak diren SD (superdeformed) pertsonaien diseinuak gerraren berezko krudelkeriarekin uztartzearen alde egiten du apustu. Ildo horretan, Takedak keinu egiten dio Pablo Picassoren Guernicari, indarkeria beliko ororen ondorioen adierazgarri nagusiari.

Sarrerak urriaren 26tik aurrera 11:00etan jarriko dira salgai Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, eta Donostia Kulturaren webgunean.

Zuzeneko podcasta: Flop Kultura

Eneko Garcia/Albina Stardust eta Danel Galdaera/Divina Comedia Animedonen izango dira aurten, Flop Kultura podcastaren zuzeneko saio dibertigarria aurkezten. Programa urriaren 26an izango da, 19:00etan, Victoria Eugeniako Club aretoan. Sekzio berezi honetan anime sailek haien haurtzaroan eta identitatean izan duten eraginaz hitz egingo dute, bai euskarara bikoiztuak izan zirenek, bai bakoitzak bere bidean aurkitu izandakoek. Shin chan eta trabestismoaz, Dragon Ball eta indarkeriaz, Evangelion eta ikonografia erlijiosoaz arituko dira, besteak beste.

Erakusketa: Hyakki yagyō: Ehun deabruen gaueko desfilea
Udal Liburutegiko Ekitaldi Aretoa (San Jeronimo)
urriak 30 – azaroak 15

Aurten, Animedonen programazioan Hyakki yagyō: Ehun deabruen gaueko desfilea erakusketa ere eskainiko da. Murgil zaitez naturaz gaindiko japoniar munduan Fuego Fatuo Arten lana zeharkatuz. Erakusketan bidaia bat egingo dugu Japoniako folklorean barrena, japoniar artea, literatura eta ahozko tradizioa blaitzen duten yōkai, munstro eta naturaz gaindiko izakien 20 eskultura eta argazki baino gehiagotan zehar, Fuego Fatuo Art-en sortzaile Álvaro Herranz artistaren eskutik. Fundación Japón Madriden lankidetzarekin.