Urriaren 16tik 19ra izango da IV. Iturritik Dantza Jaialdia
IV. Iturritik Jaialdia urriaren 16a eta 19a bitartean emango da Donostian. Aurreko urteetan bezala, aretoko eta kaleko dantza ikuskizunak osatuko dute programa eta sarrera salmenta irailaren 15ean hasiko da, goizeko 11:30ean.

Iturritik Jaialdia sustraietatik jaiotzen da, gure oroimen kolektiboa bizirik mantentzen duen iturburu horretatik, eta aldi berean garaikidetasunerantz egiten du bidea. Jaialdiaren laugarren edizio honek herrikoia eta eszenikoa, belaunaldiz belaunaldi transmititutakoa eta gure kultura ondare bizia bihurtzen duten begirada berriak uztartzen dituzten proposamenak elkartuko ditu.
Aurten ere, areto eta kaleko ikuskizunek osatuko dute programa. Azken hauek, Okendo kaleko plazan emango dira eta Ereintza Dantza Taldea eta Kresala Dantza Taldearen esku egongo dira. Victoria Eugeniako eszenatokiak berriz, Bilaka kolektiboaren eta Adriana Bilbaoren konpainiaren lanak hartuko ditu, eta jaialdiari bukaera emateko ospatuko den galan, Arkaitz, Eskola, Goizaldi eta Donostiako Udal Txistulari banda ikusi eta entzuteko aukera izango da.
Sarrerak datorren astelehenean, irailak 15, jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean.