Egitarau mamitsua apailatu du 2026an izango den Gure Ahotsak Emakumezko Musikarien Zikloak; 5 kontzertu eskainiko ditu martxoaren 3tik 7ra, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean. Hala, Neomak, Mirua, Chica Sobresalto, La Tremendita eta Clara Peya izango dira bi antzokietako oholtzetan eta, berrikuntza gisa, musikariekin topaketak izango dira aurtengoan kontzertuen ondoren, Victoria Eugenia Cluben, Clara Peya eta La Tremenditarekin.

2025.12.11

Sarrerak abenduaren 12n jarriko dira salgai, goizeko 11:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan eta donostiakultura.eus/sarrerak webgunean. Gainera, aurten bi kontzertu edo gehiagorako sarrerak erosten dituztenek Gure Ahotsak zikloaren produktu sorta jasoko dute opari, izakinak agortu arte. Gure Ahotsak egitasmoaren irudi berria duen poltsaz, kartelaz, txapaz eta pegatinez osatutako sorta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan jaso ahal izango da abenduaren 12tik aurrera sarrerak bertan erakutsita.

Emakumeen sormenari bide emateaz gain, musikari hasiberriak eta eskarmentudunak oholtza gainean elkartzea du xede Emakumearen Nazioarteko Egunaren bueltan antolatzen den zikloak. Esther Fernandino Musika ataleko programazio teknikariaren esanetan, “Emakumearen rola eta zuzeneko musikaren munduan duen ikusgarritasuna nabarmen ari dira aurrera egiten, eta horren adibide dira emakumeez osatutako taldeen belaunaldi berriak, ez bakarrik musika-estilo jakin bateko kantari gisa, baita beste instrumentu batzuen buru eta historikoki gizonak protagonista izan diren beste estilo batzuetan ere. Normalizatu arte, horrelako ekimenak bistaratu eta gauzatu behar izatea beharrezkoa da emakumeen talentua erakusteko eta emakumeek maila guztietan eta kontzertuak gauzatu arteko prozesu osoan duten garrantzia nabarmentzeko”. 

Irudi berria aurkeztu du Gure Ahotsak 8. Zikloak aurten. TGA diseinu estudioak sortu duen identitate bisualak ahotsa jartzen du erdigunean. Emakumezko aho bat kantuan irudikatzen duen ilustrazioa adierazpenaren, presentziaren eta musikaren sinbolo zuzena da. TGAko Nagore García Pascualek adierazi duenez, “ahoa ‘donut’ itxurako forma zirkular batean integratzen da, euskarri bisual gisa funtzionatuz eta multzoari batasuna emanez”.

Egitaraua

Clara Peya (Victoria Eugenia Club, martxoak 3)

La Tremendita (Victoria Eugenia Club, martxoak 4)

Chica Sobresalto (Antzoki Zaharra, martxoak 5)

Mirua (Antzoki Zaharra, martxoak 6)

Neomak (Victoria Eugenia, martxoak 7)

2019tik Gure Ahotsak zikloan orain arte parte hartu dute: Sara Mansilla, Olatz Salvador, Elena Setién, Izaro, Ainhoa Larrañaga, Sara Zozaya, Maren, Belako, Idoia Asurmendi, La Basu, Niña Coyote eta Chico Tornado, Ainara Legardon, Miren, Verde Prato, Eneritz Furyak, Natalia Lacunza, Olatz Salvador, La Bien Querida, Maite Larburu, Merina Gris, Laura Sam, Queralt Lahoz, Travis Birds, Amaia Miranda, Ginebras eta Tulsa.