Martxoak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Eguna
Bihar ostirala, martxoak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak 1961. urtean sortu zuen Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta aurtengo mezua Willem Dafoe estatubatuar aktore eta antzerkigileak idatzi du (euskarazko itzulpena: MARAMARA* Taldea). Egun horretako ospakizunen barne, XXVI. Donostia Antzerki Sariko gala antolatu da Victoria Eugenia Antzokian.
Galaren hasieran Donostia Antzerki Saria emango zaie Dejabuko kideei, Itzulera lanagatik. Honekin batera, Nora Pilarte Galdona margolariaren lana jasoko dute eta ondoren, antzezlan irabazlea taularatuko dute Ainara Gurrutxaga, Miren Alcalá, Urko Redondo eta David Aguilarrek.
Willem Dafoeren mezua
Aktorea naiz, batez ere zinemako aktore gisa ezaguna, baina sustraiak sakon errotuta ditut antzerkian. The Wooster Group taldeko kidea izan nintzen 1977tik 2003ra bitartean. Antzezlanak sortu eta interpretatu nituen The Performing Garage antzokian (New York), eta birak egin nituen mundu osoan barna.
Lankide izan ditut, halaber, Richard Foreman, Robert Wilson eta Romeo Castellucci. Gaur egun, La Biennale di Veneziako Antzerki Saileko arte-zuzendaria naiz. Izendapen horrek, munduko gertaerek eta antzerki-zereginetara itzultzeko nahiak indartu egin dute pentsatzen nuena; alegia, antzerkia biziki garrantzitsua da, eta ahalmen positibo nahiz paregabea du.
New Yorken egoitza duen The Wooster Group konpainian egin nituen lehen urrats apal haietan, oso ikusle gutxi izaten genituen emanaldi batzuetan. Arau hau genuen: antzezleak gehiago badira ikusleak baino, bertan behera utzi dezakegu emanaldia. Ez genuen halakorik inoiz egin. Kideetako askok ez zuten arte eszenikoetako prestakuntzarik; izan ere, askotariko diziplinetatik zetozen, eta antzerkia egiteko elkartzen ziren. Horrenbestez, "jarrai dezala ikuskizunak" ez zen berez gure leloa. Alabaina, ikusleekiko hitzorduari eusteko betebeharra sentitzen genuen.
Maiz, entseguak egunez egiten genituen, eta, gauez, ordura arte landutako materiala aurkezten genuen. Batzuetan urteak ematen genituen lan bat garatzen, eta irauteko, aurreko ekoizpenen birak egiten genituen. Antzezlan bat urte askoan lantzea nekagarria izan zitekeen niretzat, eta entseguak batzuetan akigarriak gertatzen zitzaizkidan, baina lan amaitugabeen aurkezpen haiek estimulatzaileak ziren beti, baita ikusle kopuru apalak egiten ari ginenaren interesgarritasunari buruzko epai gogorra zirudienean ere. Horri esker zera ulertu nuen: gutxi batzuk izanagatik ere, ikusleek, lekuko gisa, antzerkiari esanahia eta bizitza ematen diote.
Apustu-areto bateko idazkunak esaten duen bezala: "IRABAZTEKO, PRESENTE EGON BEHARRA DAGO". Sortzeko ekintza baten esperientzia denbora errealean partekatzea —beti desberdina, nahiz eta pauta eta diseinu bati jarraitzen dion—; horixe da, zalantzarik gabe, antzerkiaren indarrik nabariena. Sozial eta politikoki, antzerkia ez da inoiz izan hain garrantzitsua eta funtsezkoa geure burua eta mundua ulertzeko.
"Gelako elefantea" teknologia berriak eta sare sozialak dira; izan ere, konexioa promesten dute, baina, itxura guztiaren arabera, gizartea zatikatu eta pertsonak bakartu dituzte. Ordenagailua egunero erabiltzen dut, baina ez dut sare sozialik; neure izena aktore gisa ere bilatu dut Interneten, eta adimen artifizialari ere galdetu diot informazio eske. Baina itsu egon behar da gailuekiko harremanek giza harremana ordezteko arriskua dagoela ez onartzeko. Teknologia jakin bat baliagarria bada ere, komunikazio-zirkuluaren bestaldean nor dagoen ez jakiteak arazo sakona sortzen du, eta egiaren nahiz errealitatearen krisiari laguntzen dio. Internetek galderak plantea ditzake, baina nekez antzemango du antzerkiak sortzen duen harridura. Harridura bat, oinarritua arretan, konpromisoan eta ekintza eta erantzuneko zirkulu batean daudenen bat-bateko komunitatean.
Aktore eta antzerkigile gisa, antzerkiaren ahalmenean sinesten dut oraindik. Mundua gero eta zatikatzaile, kontrolatzaile eta bortitzagoa bilakatzen ari da, eta bertan antzerkigile gisa dugun erronka da eragoztea antzerkia ustel dadin eta distrakzio moduko entretenimendurako baino ez den merkataritza-enpresa bihurtzea, edo tradizioei eusteko erakunde huts bilakatzea. Aitzitik, haren indarra sustatu behar dugu, herriak, komunitateak eta kulturak elkartzeko indarra, eta batez ere, norantz goazen auzitan jartzekoa...
Antzerki handia honetan datza: gure pentsamoldeari desafio egitea, eta geure burua bultzatzea lortu nahi dugun hori irudikatzera.
Animalia sozialak gara, mudura lotzeko biologikoki diseinatuak. Zentzumen-organo bakoitza elkarketaranzko ate bat da, eta elkarketaren bitartez lortzen dugu zer garen sakonago definitzea. Antzerkiak, erabateko arte modua izanik, ikusarazten digu gure mundua zer izan zen, zer den eta zer izan litekeen, eta hartarako narrazioaz, estetikaz, hizkuntzaz, mugimenduaz nahiz eszenografiaz baliatzen da.